Kontaiguzu, nolakoa da zapatuan eskainiko duzuen Ese no antzezlana?
Komedia bat da eta bere funtzioa batez ere da barre eragitea eta hori, bizi garen garaiotan, oso ondo dator. Hala ere, obran kontatzen denak gogoeta egitera ere bagaramatza, pentsatzen dugulako garela oso modernoak eta bizi garela gizarte moderno batean, baina oraindik ere aurreritziz beteta gaude kontu asko eta askotan eta antzezlan honek horren inguruan berba egiten du.
Obra oinarritua dago Alexander Patellière eta Matthieu Delaporte frantziarren “Le Prénom” lanean eta kontatzen du lagunen eta familiaren arteko gaueko ospakizun batean gertatzen dena. Kontua da erabaki behar dutela zein izen jarri familiara etorri berri den kide berriari eta erabaki behar horretan sortuko dira izenari buruzko jolas dibertigarriak eta gatazkak, zein baino zein barregarriagoak.
Nolakoa da Roberto, zuk interpretatzen duzun pertsonaia?
Nire pertsonaia da pertsonaien artean soltero dagoen bakarra eta horregatik bohemioa da eta sekretu asko ditu.
Pertsonaia hau sortzea oso dibertigarria izan da, badituelako ezaugarri batzuk interpretatuz oso ondo pasarazi didatenak. Beharbada gauzarik zailena izan da publikoari ulertuaraztea gauza batzuk, gero ikusiko direnak ez direla hala.
Noiz estrenatu zenuten obra?
Estrenatu genuen alarma egoera eta konfinamendua hasi aurretik. Eta eskerrak, bestela oso zaila izango zatekeen estrenatzera ailegatzea ere. Gogoratzen naiz obra prestatzen geniharduela taldeari propoposatu niola estrenatzea otsailaren 29an, zapatua zelako eta otsailaren 29ak lau urtetik behin izaten direlako… lankide batzuk esan zidaten goizegi zela, ez zigula astirik emango… Eskerrak konbentzitu nituen, ze, bestela… Hala ere, ezin gara kexatu, ze irailean obra estrenatu genuenetik leku pila baten eskaini dugu: Palentzian, Elorrion, Madrilen, Muskizen, Oñan, Portugaleten, Erandion…eta urte amaierara bitartean beste leku mordo baten dauzkagu lotuta emanaldiak.
Obra Soraluzen eskaintzeak sorrarazten dizu sentsazio berezirik, ala dagoeneko ez?
Niretzat Soraluzen egitea pixkat konplikatua da, urdurien jartzen naizen lekuetako bat delako. Abadiñon eta Durangon estrenatzen dugunean ez naiz urduri jartzen, ez nauelako ia inork ezagutzen; ostera, nire kideak bai, han urduri jartzen dira. Oraingoan alderantziz izango da, eurak lasaiago egongo dira eta ni urduriago.
Oharra: Plaentxia.eus-en antzezlana ikusteko hiru sarrera bikoitz zozkatzen ditu. Zozketan parte hartzeko klikatu HEMEN.