Aldaketa beharra atzeman dute musika eskolan

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 15a, 09:57
Nagore Sanz eta Ane Ugalde zuzendaritzako kideak atzoko batzarrean.

Aldaketak datoz Soraluzeko Musika Eskolara. Batetik, aurten, eskolako zuzendaritzan kargu berritzea egitea tokatzen da eta bestetik, hausnarketa prozesuan dihardute, azken urteotan musika eskolan ikusten ari diren ikasle jaitsierari aurre egiteko. Atzo, eguaztena, besteak beste, bi gai horiek hizpide izan zituzten musika eskolaren batzar orokorrean. 

15 lagun inguru antzokian zirela hasi zen Soraluzeko Musika Eskolako batzar nagusia, 19:30ean. Halakoetan ohi denez, lehenengo iazko memoria eta kontu ekonomikoak landu zituzten. 

Laburbilduz, iazko ikasturtea pandemiak baldintzatutakoa izan zenez, batik bat, horren eraginak izan ziren berbagai. Ikuspuntu positibotik, azpimarratu zen musika eskolak, zailtasunak zailtasun, ahalegin berezia egin zuela egoera berrira ahalik eta lasterren egokitzeko. Hortik etorri ziren online eskolak eta besteak beste, Aulavirtual plataforma digitala erabiltzen hastea.

Azken horri dagokionez, Nagore Sanz eskolako zuzendariak gogora ekarri zuen aurtengo ikasturtean ere plataforma hori erabiltzen dihardutela eta eskolako ordezkariek zein gurasoek sistema berriaren onurak nabarmendu zituzten.

Kontu ekonomikoei dagokienez, berriz, jakinarazi zuten iaz negatiboak izan zirela (-4.000 euro) eta halakoak aurreikusten dituztela aurten. Jakinarazi zutenez, azken bost urteotan, musika eskolan ikasle jaitsiera ari da izaten eta kuota jaitsiera hori da emaitza negatiboak izateko arrazoirik handiena. 

Eskola saretu nahian

Joera edo inertzia negatibo horri buelta emateko beharra ikusi du eskolako zuzendaritzak eta atzo iragarri zuten, abenduaz geroztik, hausnarketa prozesuan barneratuta daudela. Besteak beste, honako esparrutan eragin beharra ikusi zuten. 

  • Ikasle gehiago erakarri beharra; umeak eta gazteak bai, baina baita helduak ere.
  • Aniztasuna bultzatzea; etorkin gutxi dabil musika eskolan.
  • Musika eskola herrira gerturatzea, herriak ikus dezan zer egiten den bertan.
  • Musika eskolan ikasitakoak herrian isla izatea, musika taldeak, txaranga edo antzekoak bultzatuz.  

Edozein modutan, esan zuten hausnarketa prozesua bukatutakoan, haren emaitza bazkideekin partekatuko dela, oniritzia, kritikak zein ekarpenak jasotzeko. Halaber, azpimarratu zuten, orain ere, norbaitek proposamenik baleuka, gustura onartuko dutela aztertzea. 

Ekimen berriak

Zuzendaritzako karguak berritzeari buruz, berriz, Nagore Sanzek jakinarazi zuen ekainean bukatzen dela orain arteko zuzendariaren -Nagore Sanz- eta musika eskolako aholkulariaren - Arhats Rekondo- zikloa eta beraz, karguok berritzea tokatzen dela. Horretarako, ezohiko batzar nagusia deituko dute eta bozketa bitartez berrituko dira karguak.

Atzoko batzarrean, berriz, guraso-bazkideen karguak berritu ziren, bi, kasu honetan. Egindako bozketaren arabera, Maialen Oregik eta Unai Ugartek ordezkatuko dituzte aurten kargua laga duten Ezozi Arrillaga eta Nora Basauri.

Bestelako gaien artean, eskolako datuak ere helarazi zituzten: 12 irakasle daude (iaz moduan) eta iazko ikasgai berberak. Ikasleak, berriz, 113 dira (iaz 121) eta 180 matrikula dituzte. 

Azkenik, jarduerari dagokionez, berriz, hor ere ahalegin berezia egiten ari dira, pandemiak dakartzan zailtasunei aurre egin eta ekimenak egiten segitzeko, bestelako formatu batzuetan bada ere. Adibidez, esan zuten aurten badutela ate irekiak egiteko asmoa, beharrezko segurtasun neurriak hartuta. Eta ekimen bereziak ere abiaraziko dituztela laster.