Atzera begiratua, herritarren argazkien bitartez

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 14a, 10:04

Atzo, martitzena, zabaldu zuten Kontrargi Argazkilari Kolektiboaren erakusketa berria. 35 urte bete ditu elkarteak eta urteotan egindako argazki rallyetan ateratako hainbat erretraturekin osatu dute erakusketa. Eskerrik asko! izenburua ipini diote, eskerrona erakutsi nahi baitute erakusketa horrekin.

“Eskerrik asko Kontrargi sortu zenetik Argazki Rallyetarako erretratatuta izateko arazorik izan ez duten soraluzetar guztiei. Diren moduan agertzen dira: umoretsu, alai eta, zergatik ez esan, dotore ere. Asko eta asko izan direnez, erakusketa honetan ez da guztientzat tokirik. Eta ezin ahaztu gure artetik joandakoak ere. Kontrargi Argazki-Kolektiboaren izenean, eskerrik asko!”

Herritarrak identifikatu nahian

Mezu hori helarazi nahi du herriko argazkilarien elkarteak, 35. urteurrena duen honetan. Urrian betetzen du, justu, urteurrena, baina urtearen barruan daudela-eta pentsatu dute oraingo erakusketa ere urteurrenaren bueltan antolatzea.

2011tik 2017ra bitarteko argazki rallyetan egindako argazkiz osatuta dago. Duten ezaugarri komuna da herritarrak azaltzen direla argazki guztietan. Ildo horretatik, azaltzen diren herritarrak identifikatzeko helburuarekin, Kontrargikoek orri batzuk laga dituzte, erakusketa ikustera doazenek ezagunen bat atzemanez gero bertan idatz dezaten zein den.

Ondarea berreskuratzeko

Erakusketa atzo zabaldu eta apirilaren 30era arte izango da ikusgai, astegunetan, 19:00etatik 20:30ak arte eta zapatuetan 12:00etatik 13:30ak arte. 

Kontrargi Argazkilari Kolektiboa 1986an sortu zuten. Herriko argazkilaritza bultzatzeaz gain, urtean lau bat erakusketa antolatzen ditu eta, Udalarekin lankidetzan, Soraluzeko argazki ondarea berreskuratzeko lan egiten du.