Haurreskolan ematen den zerbitzuak helburu bikoitza du.
Alde batetik, laguntza zerbitzua eskaintzen zaie familiei. Izan ere, kontziliazioa errazten laguntzen zaie umeak Haurreskolara ekarri nahi dituzten erabiltzaileei. Horretarako, familia bakoitzak aukera dezake bere semeak edo alabak Haurreskolan izango duen ordutegia.
Garapen integrala
Bestetik, Haurreskolaren bigarren helburua umeen Hezkuntza da. Haurraren garapen integrala oinarri da. Hortik abiatuta, umeen mugimendu askea eta esperimentazioa ardatz izango duen metodologia erabiltzen dute Haurreskolako hezitzaileek. Metodologia hori aplikatzeak esan nahi du haur bakoitza izango dela bere garapenaren protagonista eta bere erritmoa errespetatuko dela. Horretarako hezitzaileak izaten ditu bidelagun.
Zuzeneko esperientziak
Olatz Sebal: "Lan egoerak bultzatuta erabaki genuen txikiena eramatea. Senarrak ere Haurreskoletan lan egin zuen eta bagenekien aukera ona izan zitekeela. Zalantzekin joaten zara, azken finean zure umea da eta gehienetan bertara eraman arte zure babesean izan duzu. Baina harrerak eta lehen kontaktuek ziurtasun eta gertutasun handia eskaintzen dute eta oso lasaigarria da. Umeak ere egokitzapena behar du. Baina dena gainditzen da eta egunerokotasuna askoz eramangarriagoa da. Askorentzat gomendagarria da. Gure esperientzia oso ona izan da langileekin. Umearen erritmoa eta garapena kontuan dute. Haurrak ahal den denbora gehien gurasoekin eta familiartekoekin pasatzea onena da. Baina askotan ezin da, eta horrelako aukera bat egoteak asko laguntzen du".
Aitor Atxotegi: ”Lehenengo umea izanda eta guretzat dena berria dela kontutan eukita, hasieran zalantzak izan genituen. Azkenean, Haurreskolan umearen izena emateko hautua egin genuen eta oso pozik gaude bere garaian hartutako erabakiarekin. Haurra oso gustura joaten da eta horrek guretzat dena esan nahi du. Ordutegi aldetik izugarrizko aukera dago, hezitzaileak ere oso gertukoak dira, momentu oro edozertan laguntzeko prest daudenak eta hori guraso bezala benetan asko eskertzen da. Guk izan dugun esperientzia kontutan edukita, umea Haurreskolara ekartzea erabat gomendatuko genieke familia guztiei. Egia esan, zorionekoak gu, gure herrian horrelako zerbitzu bat izateagatik".