Erretiro adina atzeratzearen kontra

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 12a, 17:14

Herritarrak gaurko elkarretaratzean.

Pentsiodunen mugimenduak ez du onartuko erretiro-adina "igotzea”. Ez du onartuko  “kotizazio-karrera luze baten ondoren erretiro aurreratua hartzeko aukera ukatzea” eta ezta ere gazteak kondenatzea “etorkizun egonkorrik gabeko etorkizunera”. Halaxe partekatu dute gaur, oporren bueltako lehen elkarretaratzean.

Jose Luis Escrivá Gizarte Segurantzako Espainiako ministroak egindako gomendioak izan dituzte hizpide pentsio publiko duinen aldeko gaurko elkarretaratzean. Pentsiodunen mugimenduak esan duenez, Toledoko Itunaren 12. gomendioak “erretiro aurreratuaren aukera zigortu egin nahi du, hura benetako erretiro-adinarekin berdindu arte”.

Argi ikusten dute gomendioaren proposamenaren helburua “epe motzekoa” dela, pentsioak urte gutxiagoak ordaintzea, alegia. “Hori dela-eta, eskubide osoekin erretiroa hartzeko adina gainditu dutenek jardunean jarraitzea ere proposatzen du”, gaineratu dute.

Gogora ekarri dute, gaur egun, erretiroaren "adin efektiboa" 65 urte eta hilabetekoa dela. 

%39,9ko langabezia-tasa

Baina uste dute, hori lortzeko, kasu askotan, “langabezia-, kontribuzio- edo laguntza-prestazioak ordaintzen jarraitu” beharko dutela, “denbora luzeagoan”. Eta, uste dute, baita ere, Escriváren proposamena Europar Batasunari zuzenduta dagoela, nahiz eta Espainiak izan 25 urtetik beherakoen artean langabezia-tasarik altuena, % 39,9koa, Europako batez bestekoa% 18,8koa dela jakinda. 

Halaber, pentsiodunen mugimenduak Escrivári gogora ekarri nahi dio azken 8 urteotan %79 handitu dela atzerrira lan bila eta bizitzera joan den gazte kopurua, guztira, 700.000 lagun, gehienak Estatuaren kontura hemen ikasi ondoren.   

Gaur, 50 herritar inguruk babestu du protesta ekimena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.