Arrisku handiko adinduek txertoa hartuko dute euren patologiak tratatzen dituzten ospitaleetan, Donostian, Gurutzetan, Galdakaon… Osakidetzaren arabera, dagoeneko hartu dute txertoa peritoneo-dialisian dauden edo transplantea izan duten pertsonek. Hemodialisian dauden pertsonei, berriz, Osakidetzako hemodialisi-unitatean jarriko zaie txertoa, aste honetatik aurrera.
Arrisku handikoak ez diren adinduei, berriz, Mendaron emango diete txertoa, ezustekorik ezean. Anbulatoriotik esandakoaren arabera, asteburu honetan, 1942an eta 1943an jaiotakoei hasi zaizkie txandak ematen. Eta datozen bi asteotan -iristen diren edo erabilgarri gelditzen diren txertoen arabera- joango dira hitzordu berriak ematen, 79 urtekoetatik hasita, hortik behera, 70 urterainokoetara arte.
SMSa lehenengo
Hitzordua hartzeko, SMS bidez jasotzen dute abisua eta ondoren, web orrian hartu behar dute txanda. OTI txartelaren zenbakia, lehen abizena eta jaiotza-data sartu beharko dituzte eta txertoa jartzeko egun eta orduak eskainiko zaizkie, zuzenean.
Hori bai, Osakidetzak ohartarazi du balitekeela SMS hori, dagokionari barik, “beste partikular baten telefonora ailegatzea, hori delako Osakidetzarekin beste kontu batzuetan erabiltzen duten ohiko kontaktua. Errakuntzarik egon ez dadin, testu-mezuan mezuaren hartzaile den pertsonaren jaiotza-data eta generoa zehaztuko dira”. Bestalde, agendan hutsunea badute, “baliteke pertsona batzuekin telefonoz harremanetan jartzea”.