Adjudikatu dute Itxaropenako taberna

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 12a, 09:40
Itxaropenako taberna.

Esleitu dute Itxaropena Nagusien Elkarteko taberna. Bi herritarrek aurkeztu zituzten proposamenak eta erabakia hartzeko sortutako batzorde teknikoak Begoña Gallastegirena aukeratu du. Bestela esanda, gaur egun Sorako taberna kudeatzen ari den soraluzetarraren proposamena lehenetsi dute. Orain, asmoa da taberna ahalik eta lasterren zabaltzea.

Adjudikazioa erabakita, datozen egunotan, taberna kudeatuko duen Begoña Gallastegik eta Udaleko Ongizate Sailak zerbitzuaren gaineko xehetasunak lotuko dituzte, ordutegia, egutegia… Eta behin hori eginda zabalduko dute berriro ere Itxaropenako taberna, ahalik eta lasterren, hori bai.

Xehetasunak adosteko

“Gutxieneko batzuk zehaztuta daude. Ordutegia, adibidez, 11:00etatik 21:00ak artekoa izan behar da, gutxienez. Zehaztuta dago, baita ere, astean egun batean jai hartzeko eskubidea izango duela. Orain arte, zapatuetan hartu izan da jai. Eta zehaztuta dago, baita ere, egunean ordu eta erdi inguruz ixteko eskubidea izango duela. Dena den, hori guztia kudeatzailearekin adostu beharko da”, esplikatu du Patricia Borinagak, Gizarte Ongizate Saileko zinegotzi buruak.

Kontuak kontu, udal ordezkariak “pozik” daude laster taberna berriro ere zabalduko delako: “Bederatzi hilabetez itxita egon da. Ikusiko dugu ea orain jendea bueltatzen den, pandemian gehien zigortutako kolektiboa eta beldur gehien izan duena baita Itxaropenako erabiltzaileena. Baina pentsatzen dut faltan ere igarriko dutela. Zabaltzea bera garrantzitsua da eta hortik aurrera egiten dutena, ba joango gara ikusten”, gaineratu du Borinagak.