Ivan López Oya: “Dantzan nabilenean bizirik sentitzen naiz”

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 10a, 09:05
Bi ikasle eta irakaslea atzo, barikua, entseatzen.

11 lagunek eman du izena Ivan López Oyak (Soraluze, 1996) eskaintzen duen Sevillana ikastaroan. Astean lau eskola ematen ditu, talde bakoitzari bat edo bi, pandemia dela-eta, talde txikiagoak egin behar izan dituelako. Astelehenetik zapatura elkartzen dira, Herriko Antzokian eta ordu eta erdiz jarduten dute musika flamenkoaren erritmora dantzan-dantzan.

Noiztik zara sevillana irakasle? Nondik datorkizu zaletasuna?
Bi urte inguru daramatzat hemen erakusten. Andaluziar odola dukat. Orain dela urte asko hasi nintzen ikasten, nik uste dut amarengatik, lehenengo hemen eta gero Matienan. Han ibili nintzen 7-8 bat urtez. 

Eta zelan bukatu duzu irakasle Soraluzen?
Nire irakasle zenari ez zion konpentsatzen hona eskolak ematera etortzeak eta ni hasi nintzen. 

Zehazki, zer da erakusten duzuna?
Sevillana mota asko dago. Nik erakusten ditut hiru mota: sevillana klasikoa, sevillana flamenkoa eta runba flamenkoaren koreografia bat.

Eskolak emateaz gainera, dantza-saiorik egiten dituzue?
Orain ez, COVIDarengatik. Baina esanda ziguten ea Itxaropenan egingo genuen erakustalditxo bat. Koreografia prest dugu eta entseatzen dugu. Ahal bezain laster egingo dugu erakustaldiren bat. 

Zelako ikasleak dituzu?
Helduak eta guztiak emakumezkoak. Edozelan ere, nik edozein herritar animatuko nuke sevillanak ikastera. Ni, adibidez, dantzan nabilenean bizirik sentitzen naiz, musika bizi dudan sentsazioa daukat. 

Oraindik eman daiteke izena ikastaroan? Zenbat balio du?
Bai. Badaukat aukera eskola gehiago emateko. Hilean 20 euro da. Norbaitek izena eman nahi badu, niri dei diezadake: 678058894.