Gaikako bilketan bilakaera positiboa izan dela dio Mankomunitateak

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 2a, 10:24

2021eko lehen hiruhilekoan 85 tona errefus gutxiago batu da eskualdean, 2020ko datuekin alderatuta. Gaika bildu den organiko kopuruak, berriz, 43 tonatan egin du gora. Horixe diote Debabarreneko Mankomunitateak helarazitako azken datuek. Edozelan ere, errefusera doan hondakin kopurua murriztu beharra azpimarratu du, edukiontzi grisera botatako hondakinen %65 birziklagarriak baitira.

Gaikako hondakin bilketari begira, 2021ko lehen hiruhilekoko emaitzen gaineko balorazio positiboa egin du Debabarreneko Mankomunitateak: ”Bide onetik goaz, herritarrek geroz eta argiago dute hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzeak duen garrantzia eta gutxika biltzen dugun errefusa kopurua txikitzen ari gara guztion inplikazioari esker, hondakinak dagozkien edukiontzietan uzten direlako”.

2030erako %70 gaika
 

Izan ere, horixe da Mankomunitateak lortu nahi duen helburuetako bat: errefusera doan hondakin kopurua murriztea. 2030erako hondakinen %70a gaika batzea lortu nahi du eta horretarako “ezinbesteko” ikusten du errefusa edo birziklatu ezin diren hondakin kopurua murriztea.

Orain arte, hori bai, bilakaera positiboa izan dela uste du eta herritarrei eskerrak helarazi nahi dizkie, ahalegin horrengatik: “Eskerrak eman nahi dizkiegu ingurumenaren alde pauso txikiak ematen ari diren herritar guztiei, denon artean soilik lortuko dugulako gaikako bilketa hobetzea”. 

Emaitzak datutan ere eman dituzte: 

  • Iazko otsailarekin alderatuz %2 egin du gora gaikako bilketak eskualdean, %51,35etik %53,34ra.
  • Sortutako hondakin kopurua mantendu den arren -2.310.000 kg-  batutako errefus kopurua jaitsi egin da; 48.000 kg gutxiago batu dira.
  • Organikoan, berriz, 25.000 kg gehiago jaso dira.  
      

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.