0 KM KOMERTZIOAK

Arrano taberna zabalik da berriz

Ubane Madera Zangitu 2021ko api. 1a, 13:16

Gaur, eguena, zabaldu dute Arrano taberna, abendutik itxita izan ondoren. Eraldatuta zabaldu dute, Harpaso izeneko kontsumo kooperatiba sortu-berriaren babesarekin. Izan ere, asmoa da taberna zabaltzeaz batera “baldintzak sortzen doazen heinean herritarrei ekintza sozio-kulturalez gozatzeko aukera eskaintzea” bertan. Horren adibide, gaurtik eta hilabetea bukatu arte, Aidor Aizpuru margolariaren lanekin ostatutako erakusketa dago ikusgai taberna barruan. 

Ez dira ostalaritzarentzat garai onenak. Egoera berri honetara egokitzeko ahaleginetan dihardute ostalariek orokorrean eta Arrano tabernak ere egin du bere eraldaketa prozesua azken hilabeteetan. Kontuan izan behar da gainera Arranoren jarduna baldintzatuta dagoela 2002tik Espainiako Auzitegi Gorenak abiatutako enbargo prozesuaren ondorioz. 

Auzolana eta kooperazioa

Auzolana eta kooperazioa izan dira prozesu horren oinarria. Horretarako, Harpaso izeneko kontsumo kooperatiba bat sortzea erabaki dute. “Pandemia garaian harremanak hoztu eta ariketa geroz eta indibidualagakoak egiteko joera handitzen doa. Ezinegon horren aurrean eta momentuan ostalaritzak dituen zailtasunak ikusita ariketa kooperatibo bat egitea erabaki genuen”. 

Ariketa horren ondorioz sortu dute Harpaso Kooperatiba. Hasiera batean tabernaren kudeaketan zentratuko omen da baina kooperatibaren asmoa “baldintzak sortzen doazen heinean herritarrei ekintza sozio-kulturalez gozatzeko aukera eskaintzea” izango da. Horren adibide, gaurtik eta apirilean zehar Aidor Aizpuruk egindako hainbat margolanekin osatutako erakusketa izango da taberna barruan ikusgai. Izan ere, orain arte elkartearena izan den beheko solairu osoa, aurrerantzean tabernarena izango da.

Antolaketa mailan emandako aldaketez gain tabernako espazioa atseginago egin asmoz hainbat eraldaketa estetiko egin dituzte auzolanean.

Tabernaren ordutegia honako hauxe da:

  • Astelehena eta martitzena itxita
  • Eguaztenean eta eguenean arratsaldez zabalik
  • Barikuan, zapatuan eta domekan 12:00etatik zabalik

Bestalde, jakinarazi dute pauso berriak eman ahala emango dutela haien berri.