Hargina, ekinez egina

Egoitz Unamuno 2021ko api. 3a, 08:00

Miguel Criado Vicente (La Rodrigo, 1950) ezaguna da herrian igeltsero moduan; ez ditu alferrik egin berrogeita hamar urte ofizio horretan. 
Bost urte dira lan horretatik jubilatu zela eta hiru urte harria lantzeari ekin ziola, oraingoan, afizioz. Kontua da afizioak gogor eman diola.  

2018ko abuztuan hasi zen dena, “kasualitatez”. Urtero bezala, opor garaian, Miguel Villagonzalo de Tormes herrian zegoen, Salamancan, bere jaioterritik hurbil, bigarren etxea duen herrian. Han arrebak harria tailatzen ikasteko saio batera eroan zuen: “Sei-zazpi andre zeuden, jubilatuak denak eta haien jarduna begira ari nintzen bitartean, harri bat hartu eta borobil forma eman nion di-da batean. Hala, eskola ematen ziharduen emakumeak ikusi ninduen eta esan zidan: ’zuk hau erraz egiten duzu eh!’; ‘bai!’, erantzun nion nik: ‘urte askoan igeltseroa izan naiz eta!’. Egun hartatik aurrera, Miguelek harria lantzeko afizioari heldu zion buru-belarri.  

Denetariko irudiak

2018ko urrian bertan, etxean zuen zubi erromatarraren argazkiaren erreplika zizelkatu zuen eta ordutik gaur arte, era guztietako irudiak landu ditu: ‘Boton Charro’ak, armarriak, igelak, katuak, izurdeak, ezkurrak, zutarriak, Pipi Galtzaluze… Egunerokoan berak topatu edo ingurukoek ekarri dizkiotenak.  

Pieza gehienak senitarteko eta lagunei oparitzeko egin ditu, baina jaioterriko udalari eta loibaren Ermuko futbol taldeari ere oparitu die armarri bana. Enkarguz ere egin du armarriren bat, ezagunen batek eskatuta.

Egunean ordu asko

Miguelek, gaur egun, ordu asko eskaintzen dizkio afizio berriari: “Batzuetan goizez eta arratsaldez jarduten dut, nahi dudanean… Iaz, konfinamendu garaian, hogeita bost pieza egin nituen. Harria lantzeak satisfazio handia ematen dit. Batzuetan, pieza amaitutakoan ni ere harritzen naiz eta pentsatzen dut: ´jo, ze polita!´. Bataz beste, armarri bat egiteko 60 bat ordu behar izaten ditut”.

Miguel autodidakta da, bere kasara ikasi du harria lantzen. Harria lantzeko erreminta propioak ere asmatu ditu, igeltseritzako materialak erabilita: “Ezozibideko biltegian nituen kobrezko hiru hodi hartu eta eskuadra forman lotu nituen, biribilak egiteko. Pazientzia handia behar da, kontzentrazioa eta egiten jakitea”.

Errementariaren semea

Eskulanetarako abileziaren parte bat familiatik datorkio Migueli. Izan ere aita errementaria zuen, "antigualekoa". "Astoak, behiak, mandoak... perratzen zituen eta artista zen eskulanetan". Anaia nagusia ere trebea zen eskulanetan:"Goi-mailako tallista izan da, egurrarekin eta burdinarekin”.  

Miguelen ofizioak ere izan du zerukusia eskulanarekin: “1964ko urtarrilean iritsi nintzen Bergarara. 14 urte nituen eta ordutik igeltsero moduan lan egin nuen 51 urtez. Beti gustatu izan zait ondo lan egitea eta, batez ere, gauza berriak probatzea. Lanik berezienetako bat Antxutegi burdindegiko esposizioko murala izan zen”.