Administrazio publikoko “langileen %40 egoera prekarioan dago”

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 29a, 19:12
Udal langileetako batzuk elkarretaratzea egiten, gaur eguerdian.

Gaur eguerdian, elkarretaratzea egin dute udal langileen ia erdiak, ELA, LAB, CCOO, SATSE eta ESK, STEILAS eta CNT sindikatuek deituta. Kontzejupean elkartu eta zerbitzu publikoetan diharduten “behin-behineko langileak kontsolidatzea eta azpikontratekin amaitzea” eskatu dute. Apirilaren 15erako beste elkarretaratze bat deitu dute eta apirilaren 22rako, berriz, greba.

Udaletxeko, etxez etxeko, brigadako eta Gizarte Ongizate Saileko 10 langilek bat egin dute Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzu publikoetako langileei zuzendutako gaurko mobilizazio deiarekin.

Besteak beste, salatu dute gaur egun “65.000 langiletik gora” daudela hainbat administrazio publikotan “behin-behinekotasun egoeran lan egiten”. Gaineratu dute “sektore publikoko langileen %40 egoera prekarioan” dagoela eta gehitu dute “Hego Euskal Herriko zerbitzu publikoetan 120.000 langile daudela azpikontratatuta”.

Egoera kezkagarriagoa

Hona hemen sindikatuek adostutako agiria, osorik:

EAEko administrazioetan enpleguaren egoera gero eta kezkagarriagoa da. Enplegu publikoaren suntsiketa, ezegonkortasuna eta bere sorrerarako borondaterik eza sintoma gero eta larriagoak dira, eta eragin negatiboa dute langile publikoen lan-baldintzetan. Ez dugu gehiegikeriarik esaten gobernuak zerbitzu publikoak kontzienteki ahultzen ari direla baieztatzean. Ildo horretan, azken urteotan pribatizatuz joan diren zerbitzu publikoak kontaezinak dira, eta horietako asko ezinbestekoak dira bizitzari eusteko.

Ia administrazio guztietan dauden behin-behinekotasun mailak onartezinak dira. Egoera hau gobernu ezberdinek urteetan zehar hartu dituzten erabakiek eragin dute, edozein kolore edo eremu geografikoko gobernuek. EBJAk gai horri buruz argitaratu dituen epaiek argi eta garbi adierazten dute zerbitzu publikoetan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabili dela, eta behin behineko langileen eskubideak kaltetu direla. Urteetan zerbitzu publikoak aurrera atera dituzten pertsona horiek ezin dute lanpostua galdu. Salbuespenezko egoera da, eta salbuespenezko neurriak behar dira.

Zerbitzu publikoak ahultzen dituen behin-behinekotasunaren abusua hainbat faktoreren ondorioa da. Azken urteotan deitutako LEPak nahikoak ez direla salatu dugu. Programa-kontratuekin edo zereginak metatzeko kontratuekin egiten den iruzurra salatu dugu, besteak beste. Lanpostuen zerrendak eta egiturazko plantillak handitzea aldarrikatu dugu, milaka langilek betetzen dituzten baina gure agintariek ezkutatzen dituzten egiturazko lanpostu horiek guztiak gehituz. Urte hauetan guztietan enplegu publikoko arazoek, konpondu beharrean, okerrera egin dute, borondate politiko faltaren erakusgarri.

Ildo beretik, plantillak handitzeko, egungo ratioak hobetzeko eta lan-kargak murriztu eta araututa ez dauden eremuetan arautzeko beharra ikusten dugu. Orohar sektore publikoko plantillak lan-karga jasanezinak hartzen ari dira beren gain.

Ezinbestekoa da negoziazio kolektiboa aktibatzea, arazo hauei aurre egiteko. Era berean, enplegu publikoan bizi dugun salbuespenezko egoerari aurre egiteko legezko mekanismoak behar ditugu. Horregatik guztiagatik:

  • Instituzioei orain mahai gainean dauden lege-proiektuak aldatzeko eskatzen diegu, nahikoak ez direlako, ez dutelako enpleguaren kontsolidazioa bermatzen ezta aldi baterako kontratazioaren gehiegikeriarekin amaitzen ere.
  • EAEko erakunde guztiak interpelatzen ditugu, Eusko Jaurlaritzatik hasi eta azken udaleraino, bai eta erakunde horietan ordezkaritza duten indar politiko guztiak ere, beharrezko arau-aldaketak bultzatzeko ezinbesteko urratsak eman ditzaten, salbuespenezko kontsolidazio prozesuak gaitzeko. Prozesu horiek administrazio guztietan abiarazteko eskatzen diegu, nahitaez bete beharrekoak izatea, bermatzaileak eta ordezkaritza sindikalarekin negoziatuak.
  • Kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzeari derrigor amaiera emateko, plantillen behar guztiak identifikatu, azaleratu eta horien arabera handitzeko, eta, horrela, egungo egoerara itzultzea saihesteko mekanismoak exijitzen ditugu.
  • Dagoeneko martxan dauden lan eskaintza publikoko prozesuek, negoziazio kolektiboaren ondorioz, kolektibo bakoitzaren premiekin bat datozen ezohiko neurriak barneratzea eskatzen dugu.
  • Administrazioei pribatizazioen politika amaitzeko eskatzen diegu.
  • Plantillak gaztetzeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko plan bat ezinbestekoa dela uste dugu.