Pentsioetan murrizketak izango direla uste dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 29a, 14:16

Pentsioen alde gaur plazan.

Pentsioen aldeko gaurko elkarretaratzean, partekatu dute Espainiako Gobernuak pentsioak murriztuko dituen beldur direla, “Europako batzordearen presioak” aitzakia moduan erabilita. Datozen hilabeteotarako “egoera kezkagarria” aurreikusten dute eta “funtsezkoa” eta “premiazkoa” ikusten dute pentsiodunen mugimenduak "erantzun sozial handia ematea”.

Gaur, Pentsiodunen Soraluzeko Mugimenduak salatu du Espainiako Gobernuak “ahalik eta denbora laburrenean itxi nahi” duela pentsioen gaineko akordioa eta hori egingo dutela minimotan oinarrituta, “Europako batzordearen presioak” erabiliz, “pentsio publikoak murrizteko neurriak justifikatzen saiatzeko”. 

Besteak beste, salatu dute “bigarren fase baterako utzi” nahi dutela, adibidez, “konputatzeko epea 35 urtera luzatzea pentsioaren soldata arautzailea kalkulatzeko”. 

Bestalde, kezka partekatu dute pobrezia gero eta handiagoa delako: "Gizarte-laguntzetara eta elikagaien bankura jo behar duten pertsonen kopuruak gora egiten du, oinarrizko premiak asetzeko eta biziraun ahal izateko. Gipuzkoan, DSBEko 12.567 hartzaileetatik 13.532ra igo dira pandemiaren ondoren, eta adin- taldeen arabera, igoera handiena 65 urtetik gorakoen artean gertatu da, DSBEko eskatzaileen % 19 baitira".

Horregatik guztiagatik diote, "justiziazkoa delako", "ez dugu onartuko gure pentsioak murriztea, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa defendatzen jarraituko dugu".

Zentzu horretan, datorren egoera "kezkagarriari" aurre egiteko "erantzun sozial handia" beharko dela uste dute, "sindikatuekin eta beste gizarte-mugimendu eta talde batzuekin lankidetzan, pentsio publiko duinak eta lan eta gizarte-eskubideak defendatzeko".

Gaur, 45 bat lagunek babestu du elkarretaratzea. Bestalde, gaur zortzi, astelehena, jai-eguna da eta ez da elkarretaratzerik izango.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.