2022an egingo da hurrengo Korrika

Egoitz Unamuno 2021ko mar. 29a, 11:25

Atzo, Korrika amaituko zen egunean, AEK-k helduen alfabetatzeari "bultza" egiteko ekitaldiak antolatu zituen Euskal Herriko 88 herri baino gehiagotan. Soraluzen, hirurogeita hamarren bat herritar batu ziren ekitaldira. 

Ekitaldian, Iñaki Amuategi AEKko irakasleak hartu zuen hitza euskalduntze alfabetatzearen erakundearen mezua irakurtzeko. Bertan, euskaltegiek beren sorreratik gaur arte egin duten ibilbide "emankorra" azpimarratu zuen, goretsiz pandemia garaian ere euskaltegiek aurrrera egiten eta egokitzen asmatu dutela; horren erakusgarri, aipatu zuen aurtengo ikasturtean 40.000 ikaslek dihardutela euskaraz ikasten. Ostera, nabarmendu zuen euskal herritarren "%55a erdalduna" dela oraindik eta, ondorioz, oraindik ere "lan handia" dagoela egiteko. Zentzu horretan, instituzioen "apustu estrategikoa" eta herritarren babesa eskatu zituen, etorkizunean ere euskaltegi "sendoak" izateko.   

Azkenik, iragarri zuen 22. Korrika 2022an egingo dela, martxoaren 31tik apirilaren 22ra, eta aurreratu zuen "inoiz baino beharrezkoagoa" izango dela. 

Murala, bertsoak, rap-a, kantua...

Gainerakoan, ekitaldia Arrate Gisasola euskaltzaleak aurkeztu zuen eta herriko hainbat kulturgilek ere parte hartu zuten euren ekarpena eginez: Ainhoa Arruabarrena marrazkilariak murala margotu zuen, Eneko Beretxinagak hiru bertso bota zituen, Ezoziko Ama abesbatzako hainbat kidek eta beste zenbait kantuzalek Euskal Herrian Euskaraz kantua kantatu zuten elkarrekin eta Arrate Gisasolak berak gidatuta, bertaratu zirenekLekukoa mingainean bertso-rapa ere kantatu zuten