400dik gorako intzidentzia-tasa duten herriak eta lurraldeak itxi egingo dituzte

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 26a, 19:28
Lehendakaria eta Osasun Sailburua.

Neurri murriztaileak gogortu egingo dituzte astelehenetik aurrera. Azken 14 egunetako intzidentzia-tasa 400dik gora duten udalerriak eta lurraldeak perimetralki itxi egingo dituzte eta bertako ostalaritza mugatu. Bihar argitaratuko da dekretua eta astelehenean sartuko da indarrean. Hori bai, datozen jai-egunetarako ostalaritzan erreserbaren bat eginda zutenek erreserba horiek erabili egin ahal izango dituzte.

Iñigo Urkullu Lehendakariak jakinarazi duenez, pandemiaren bilakaera ikusita, prebentzio-neurriak indartzea erabaki dute, LABIre batzorde teknikoaren gomendioekin bat eginez. Honako neurriak sartuko dira indarrean astelehenean: 

  • 400dik gorako intzidentzia-tasa duten udalerriak perimetralki itxi egingo dira. Baina posible izango da alboko herrira joatea erosketak egiteko eta aire zabalean jarduera fisikoa egiteko.
  • Herri horietan dauden ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek murriztu egin beharko dute jendaurreko ordutegia eta honakoa aplikatu: 06: 30etik 9: 30era; eta 13: 00etatik 16: 30era.
  • Barnealdeko kirol-jarduerak, talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketei dagozkienak izan ezik, ezingo dira 4 pertsonako taldeak baino gehiago izan. Herri horietan kirol-instalazioetako aldagelak eta dutxak ixtea zehazten da, igerilekuetan izan ezik; horietan, gehieneko edukieraren% 35ekin erabili ahal izango dira, eta dutxak banaka erabili ahal izango dira.
  • Itxi egingo dira 400dik gorako intzidentzia-tasa duten lurraldeak.

Zerrenda bihar

Prentsaurrekoan ez dute argitu 5.000 bizilagunetik beherako herrietan ere aplikatuko dituzten neurri murriztaileak edo bakarrik hortik gorakoetan. Edozein modutan, bihar, zapatua, jakinaraziko dute zein herritan aplikatuko diren neurri berriak. Zerrenda hori astean behin berrituko dute. Aste Santuko jaiegunak direla-eta, bigarren ebazpena apirilaren 6an argitaratuko dute. 

Gainera, oraingoan, salbuespen handia egingo dute. Izan ere, gaur baino lehen ostalaritzan erreserbak eginda dituztenak joan ahal izango dira herri horietara. Hori bai, Lehendakariak azpimarratu du “gutako bakoitzak erantzukizuna” duela eta eskatu du “joan-etorriak ahalik eta gehien murrizteko”.  

"Oreka"

Lehendakariak esplikatu duenez, erabaki horrekin, “oreka” bermatu nahi izan dute erabaki honekin, bai mugikortasunarena baina “baita ostalaritza zerbitzuendako ere”. Mezua da mugikortasuna ahalik eta gehien mugatzea. 

Azken datuen araberako errepasoa eginez, honako udalerriekd ute 400dik gorako intzidentzia-tasa metatua:

  • Gipuzkoan: Abaltzizketa, Amezketa, Ataun, Baliarrain, Beasain, Berrobi, Ezkio-Itsaso, Lazkao, Legorreta, Lizartza, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Zaldibia eta Zegama. 
  • Bizkaian: Aulesti, Berriz, Elorrio, Ermua, Fruiz, Galdames, Ibarrangelu, Izurtza, Muskiz, Mallabia, Ondarroa y Zamudio. 
  • Araban: Arraia-Maeztu, Aiara, Berantevilla, Eltziego, Bilar, Iruña Oka, Moreda, Navaridas, Okondo, Urkabustaiz, Eskuernaga eta Zigoitia.