Urte hasieran, Udalak txakurren kakak batzeko 30.000 mila poltsa erosi zituen, 1.422 euroko gastua eginez. Aurrerantzean, halakoak eskuratzeko bi puntu berri daude herrian. Poltsa-banagailuek, besteak beste, hondakinentzako barne-kubeta ere badute, ixteko sistema automatikoarekin.
Poltsak herritarren eskura ipintzeaz batera, Udalak gogorarazi du txakur-jabeen euren betebeharra dela haien gorotzak batzea: “Herritarren eskura baliabideak ipin daitezke pairatzen dugun arazoari bide emateko, baina txakur jabeak ez badira kontzientziatzen eta beren betebeharrak ez badituzte betetzen, arazoak bere horretan jarraituko du”.
200 euroko isuna
Horrekin batera, gogora ekarri du, baita ere, txakur-kakekin lotutako jokabidea zibismo ordenantzan dagoela araututa, honela:
- Jabeek behar bezala artatu beharko dituzte etxeko animaliak eta debekatuta dago, bereziki, hauek abandonatzea.
- Debekaturik dago txakurrek eta bestelako animaliek kaka egitea haur jolastokietan, pasealekuetan, lorategietan edo bide publikoaren beste edozein lekutan. Horiek daramatzaten lagunek galarazi beharko diete bide publikoan kaka egitea. Era berean , txiza egiten dutenean ura ozpinarekin isuri beharko dute, inguruan eta hiri altzarian txizen efektua gutxitzeko, bereziki txakurrena, zikinkeria eta usain txarrak ekidite aldera.
- Gorotza bide publikoan uztea galarazterik izan ez badu, animaliaren jabeak edo arduradunak bertatik bertara ekingo dio jasotzeari. Hala ez egitearen erantzule izango da animaliaren jabea eta, haren ordez, animaliarekin doan laguna. Haietako bat ere agertu ezean, udaltzaingoak hala eskatuta jasoko da gorotza.
- Artikulu hau ez betetzea arau-hauste arintzat tipifikatuta dago, eta 200 eurora arteko isuna aurreikusten du.