‘Bultza euskaltegiak, bultza euskara’ ekitaldia domekan

Egoitz Unamuno 2021ko mar. 24a, 08:00
2019ko Korrika. Argazkia: Fernan Oregi.

Domekan eguerdian, AEK Korrikak antolatuta, ‘Bultza euskaltegiak, bultza euskara’ ekitaldia egingo dute Plaza Barrian. Ekitaldia 12:ooetan hasiko da eta herriko musikari, bertsolari eta marrazkilariak parte hartuko dute.  

Domekan, Korrika amaituko litzatekeen egun eta orduan, AEK-k 80 ekitaldi baino gehiago egingo ditu Euskal Herri osoan barrena, Bultza euskaltegiak bultza euskara lemapean. AEKren helburua da “aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean izatea”.

Ekitaldi xumea eta laburra

Soraluzeko ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da Plaza Barrian. Iñaki Korta AEK-ko irakasleak azaldu duenez, ekitaldi “xumea” eta “laburra” izango da. Ordu erdi iraungo du eta osasun-neurrietara egokitua izango da.

Ekitaldian, AEKren mezua irakurtzearekin batera, “Euskal Herrian Euskaraz” abesti ezaguna kantatuko da eta baita berariaz egun horretarako sortu den “Lekukoa mingaina” bertso-rapa ere. Horrez gain, marrazkilari batek mural sinboliko bat marraztuko du eta bertsolari batek ere kantatuko du. Ekitaldiaren amaieran, partaide guztiek talde-argazkia aterako dute.

Soraluzeko AEK-k aurreko edizioetan Korrikan parte hartu izan duten herriko eragileak gonbidatu ditu ekitaldira eta herritarrei ere dei egin nahi die bertan parte har dezaten.

Diru-bilketa kanpaina

Dirua biltzeko kanpainak ere zabalik segitzen du. Korrika atzeratzeak “zuloa” eragin du AEKren aurrekontuan, eta zorpetze horri aurre egiteko herritarren sostengua jaso nahi dute. Diru-ekarpena egin nahi duten herritarrek ondorengo helbidean egin dazakete: hemen.