Koefiziente murriztailearen eta erretiro aurreratua zigortzearen kontra

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 23a, 15:09

Herritarrak atzoko elkarretaratzean. Argazkia: Egoitz Unamuno.

Atzo, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean bi eskaera nagusi egin zituzten: 40 urte edo gehiago kotizatuta dituztenei ezarritako koefiziente murriztaileak ezabatzea eta erretiro aurreratua ez zigortzea. Bestalde, azpimarratu zuten adinekoak 67 urtera edo gehiagora arte lanean mantentzeak ez duela “inolako irtenbiderik ematen”.

Atzo, astelehena, 55 bat herritarrek babestu zuten pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzea. Bi egoera salatu zituzten. 

Batetik, “Estatu osoan 500.000 pentsiodun inguruk” bizi duten egoeraren bidegabekeria salatu zuten: “40 urtez lan egin eta kotizatu arren, bere bizitza laboralaren azken urteetan, edo gehiagoan, enpresa itxi zutelako edo kaleratuak izateagatik, euren pentsioak drastikoki murriztuak izan dira”.

Hori saihesteko, Mugimendu pentsiodunaren ustetan, “40 urte edo gehiago kotizatuak dituen pertsona orok bere oinarri arautzailearen % 100 jaso behar du eta koefiziente murriztaileak desagertu egin behar dira”.

Lan-taldeak gaztetu

Bestetik, salatu zuten 2027tik aurrera erretiroa 67 urterekin hartu behar izatea. “Prekarietate-tasa eta gazteen langabezia-tasa eskandalagarri batekin aurkitzen gara eta plantillak gaztetu beharrarekin, beraz ez dugu ulertzen nola proposatzen dituen neurri horiek bere buruari progresista deitzen dion gobernu batek. (…) Erretiro-adina luzatzeak, adinekoak lantokietan 67 urtera edo gehiagora arte mantentzeak ez du inolako irtenbiderik ematen; aitzitik, lan-bizitza askotan, gogor eta osasun-baldintza kaskarretan egin ondoren, erretiroa hartzea laburtzea dakar”.

Azpimarratu zuten bi egoera horiek kenarazteko “borrokatzen” jarraituko dutela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.