Edukiontzi horira zer bota eta zer ez argitzeko kanpaina

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 22a, 17:57
Iosu Arraiz Mankomunitateko presidentea gidaliburua eskuetan duela.

Debabarreneko Mankomunitateak sentsibilizazio kanpaina abiarazi du edukiontzi horietara zer hondakin bota daitezkeen, eta, batik bat, zeintzuk bota ezin diren argitzeko. Etxez etxe banatuko dute gida bat azalpen guztiekin. Mankomunitateko presidenteak esplikatu duenez, hainbat hondakin “desegoki” botatzen ditugu edukiontzi horira eta horrek “arazoak” eragiten ditu birziklatze-prozesuan. 

 

Gaur, martxoaren 22an hasi eta martxoaren 28ra bitartean gauzatuko da Horian zer? sentsibilizazio kanpaina. Xehetasunen arabera, azaroan egindako ikerketa batek erakutsi zuen hainbat hondakin “desegoki” botatzen ditugula edukiontzi horira. 

Plastiko guztia ez doa horira

Iosu Arraizek, Mankomunitateko presidenteak prentsaurrekoan esan duenez, azkenaldian musukoak ere azaldu izan dira edukiontzi horietan, baina batez ere, plastikoz egindako gaiekin dago nahasmena. Izan ere, askok uste dutenaren kontra, plastikozko hondakin guztiak ez dira edukiontzi horira bota behar. “Hor eragin behar dugu” esan du presidenteak. 

Zentzu horretan, Arraizek adierazi du helburu hezitzailea duela mankomunitatearen kanpainak: “Batzuetan ezjakintasuna da oker birziklatzeko faktoreetako bat, horregatik sortu dugu gidaliburu esplikatiboa Ecoembes-ekin batera. Bisualki eta irudien bidez, erraz ulertzeko moduan azaltzen dira horira bota daitezkeen ontzi arinak eta bota ezin daitezkeen gainerako plastikoak. Esaterako, ontziak ez diren plastikozko eta metalezko objektuak (etxeko plastikozko tresnak edo tupperrak, adb.) ezin dira edukiontzi horian utzi. Garrantzitsua da birziklatzea, baina ondo birziklatzea”. 

Gidaliburu esplikatiboa banatzen hasi dira, Mendaron, Deban eta Mutrikun banatu dute, esaterako. Datozen egunotan, berriz, eskualdeko gainerako herrietan jarraituko dute banatzen. 

Informazio-puntuak

Horrekin batera, martitzenetan, eguaztenetan eta barikutan, Eibarko Urkizuko eta Dos de Mayoko anbulatorioko edukiontzi guneetan informazio-mahaiak ipiniko dituzte, 11:30etik 13:00ak bitartean herritarrei informazioa zuzenean eman eta haien balizko zalantzak argitzeko. 

Puntu horietan Agifes elkarteko (buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta familiartekoen Gipuzkoako elkartea) kideak izango dira, “Agifesek ingurumenarekin lotutako gaiak ere landu nahi dituelako, osasun mentalarekin ere badutelako lotura”, Arraizek esan duenez.