Bihar, landaketa egingo dute, Iturburuko lorategian

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 22a, 09:36

Bihar, martitzena, Iturburuko lorategia txukuntzera joango dira 16 ume, bi taldetan banatuta. Eskutik eskura ekimenaren baitan, barazkiak eta landareak sartuko dituzte, Iker Aldazabal alkateak eta June Ezpeleta hezitzaileak lagunduta. 

Bihar, LH2ko 16 umek egingo dituzte lorezain lanak. 17:00etan elkartuko da Gaztelekuan lehen taldea eta 18:15ak arte jardungo dute lorategian, harik eta 18:15ean bigarren taldea bertaratuko den arte, 19:00ak arte lorezain jarduteko. 

Udaletik emango dizkiete erremintak eta Eskutik Eskura ekimenekoek eramango dituzte landareak eta barazkiak. Lorezain-gidari lanak, berriz, Iker Aldazabal alkateak egingo ditu. 

Hilean behin kalean

Eskutik eskura proiektuaren helburua da jatorri anitzeko Soraluzeko haurrentzako euskarazko aisialdia lantzea. Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak kudeatzen du ekimena eta gela barruko ekintzekin batera, hilean behin ekintza berezia egiten dute kalean, “herriko hainbat eragilerekin harremanak izateko, interakzio zuzenagoa izateko, umeek haiekin harremanak izatea oso garrantzitsua dela uste dugulako eta Soraluze delako euren herria”, esplikatu du Txatxilipurdiko Jon Cano kideak. 

Aurreko asteetan, adibidez, ginkana egin dute herritik, altxorraren bila ibili dira eta argazki rallya ere egin dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.