Soraluzek 81.663 euro jasoko ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 19a, 11:26

Gizarte Ongizate Sailetik jakinarazi dutenez, aurten, Soraluzek 81.663 euro jasoko ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratzeko (GLL-AES). Aurreikusitakoa baino kopuru handiagoa da eta Udalak modu positiboan baloratu du Jaurlaritzak partida handitu izana. Halaber, laguntza horiek eskatzeko baldintzak gogora ekarri ditu Patricia Borinaga Ongizate zinegotziak.

Patricia Borinaga Osasun, Gizarte Ongizate eta Immigrazioko udal arduradunak zera azpimarratu du balorazioa egitean: “Partida hori handitzeak esan nahi du Soraluzek aurten 81.663 euro jasoko dituela Eusko Jaurlaritzarengandik. Igoera handia da iaz esleitutakoarekin alderatuta eta COVID-19 pandemiaren ondorioz sortu diren beharrei hobeto erantzuten lagunduko du”. 

Borinagaren arabera, "GLLak funtsezko baliabide dira gero eta sarriago gertatzen diren egoera ekonomiko txarrek eragindako behar pertsonalak eta familiarrak prebenitzeko eta artatzeko; gainera, COVID19aren pandemiak larriagotu egin ditu behar horiek”.

Oro har, 2021erako  GLLak ordaintzeko Euskadiko partida 15 milioi eurokoa izango da eta Soraluzeko Udalak azpimarratu duenez, Eudelen (Euskadiko Udalen Elkartea) Batzorde Exekutiboak egindako eskaerari erantzuten dio partida handitu izanak.

Eskatzeko baldintzak

Partidaren igoeraren berri emateaz batera, Gizarte Ongizateko ordezkari Borinagak gogora ekarri du Gizarte Larrialdietarako Laguntzak urte osoan eska daitezkeela. Horretarako, Udaleko Gizarte Zerbitzuetan hitzordua eskatu behar da izan ere, laguntza horiek emateko, gizarte-zerbitzuek egiten dute egoeraren balorazioa. 

Eskatzaileek, berriz, honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

  • Eskabidea egiten den unean Soraluzen erroldatuta egotea eta gutxienez 6 hilabeteko antzinatasuna izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.
  • Bizikidetza-unitate independente bat eratzea, eskaera egin baino urtebete lehenago, salbuespenak salbuespen.
  • Adin nagusikoa izatea, salbuespenak salbuespen.
  • Baliabide ekonomiko nahikorik ez izatea.

Bestalde, GLLak hainbat kontzeptutarako eska daitezke, besteak beste:

  • Etxebizitza alokatzeko gastuak.
  • Etxebizitza mantentzeko gastuak: ura, zaborra eta estolderia.
  • Argi- eta gas-gastuak ordaintzeko.

Informazio gehiago behar izanez gero edo norbere egoera ekonomikoarengatik laguntza horien onuradun izan daitezkeela uste duten pertsonek Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jar daitezke 943 75 00 56 eta 943 75 00 54 telefonoetan.