Abisu horia elurrarengatik, bihartik

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 17a, 18:10

Asteburuan agurtuko da negua, udaberriari paso emanez. Baina joan aurretik, negu beteko egunak lagako dituela diote adituek. Eusko Jaurlaritzak abisu horia aktibatu du biharko eta barikurako, elurrarengatik. Egunik hotzenak, berriz, zapatua eta domeka izango dira. 

Eusko Jaurlaritzak dioenez, aurreikuspena da bihar, 800-1.000 metrotan egingo duela elurra eta etzi, 500-700 metrotara jaitsiko dela elur-maila. Artikotik datorren aire-masa hotz bat izango da horren eragile.  

Halaber, iragarri dute datozen egunotako tenperatura maximoak izango direla 7-10 gradu ingurukoak kostaldean eta minimoak, berriz, 3-5 gradukoak, kostaldean. Zapatua eta domeka izango dira egunik hotzenak. Diotenez, sentsazio termikoa negu betekoa izango da. 

Prezipitazioak txikiak edo ertainak

Prezipitazioei dagokienez, berriz, abisu horia aktibatu dute elurrarengatik. Baina jakinarazi dute prezipitazioak, oro har, eguenean, txikiak izango direla eta txikiak edo ertainak, berriz, barikuan. Bi egun horietan 5 eta 18 zentimetro arteko elur-lodiera espero da 1.000 metroko altueran eta, gehienez, 2 zentimetro 600 metroko altueran.