Txopitea sopranoak eta Aramu folk taldeak kontzertua eskainiko dute domekan

Egoitz Unamuno 2021ko mar. 18a, 08:00
Txopitea eta Aramu taldeko musikariak Abadiñon eskaini zuten kontzertuan.

Domeka iluntzean, Bidane Txopitea sopranoa eta Aramu taldea ariko dira antzokian, hurrenez hurren, 19:00etan hasita, musika klasikoa eta folk musika eskainiz. Sarrerak egunean bertan eskuratu ahalko dira 3 euroko prezioan.   

Domekakoa emanaldi bikoitza izango da. Lehen emanaldian, Bidane Txopitea soprano durangarrak eta Iker Ruiz de Alegria pianistak musika klasikoko pieza solte ezagunak interpretatuko dituzte: Serenata (Shubert), A Chloris (Hahn), Ipuina (RM Sarasua)…; baita opera zatiak ere: La Traviata (Verdi), “La Wally” (Catalani). "Urtetan zehar landu ditudan kantuen artean egindako aukeraketa da", adierazi du Txopiteak.

Bigarren emanaldian, folka

Bigarren emanaldian, berriz, Aramu taldeak folk eta pop estiloko kantak eskainiko ditu, bere errepertorio propioarekin. "Badira Eskozia, Kanada edo Sueziako folkloretik edaten duten kantak, mazurka frantsesak ere bai. Gehienak geronek sortutako kantak dira, ingelesez eta euskaraz", azaldu du Onintza Azkarate musikari durangarrak. Balada blue (Eskozia-Kanada), Oroitzen (Aramu), Venham-Klappvalsen (Suezia), Story of my life (Aramu), The worm flew away (Aramu), Zein naiz (Aramu), Mary Jane (Alanis Morisette). Taldea iazko konfinamendu garaian sortu zuten eta hiru musikarik osatzen dute: Onintza Azkaratek (biola, gitarra, ahotsa), Amaia Jaiok (txeloa, pianoa, ahotsa) eta Joannah Keen-ek (ahotsa, perkusioa, pianoa). Soraluzekoa izango dute jendaurrean eskainiko duten hirugarren emanaldia eta gogotsu daude. 

Abadiñon abiatu zen elkarlana

Txopitea sopranoa eta Azkarate musikariak aspalditik ezagutzen dute elkar; biak dira durangarrak eta urte luzez kantatu dute batera Durangoko abesbatzan. Gaur egun, Abadiñon bizi dira biak eta, hain zuzen, Abadiñoko berdintasun taldeak egin zien gonbidapen batetik erne zen ekimena: "Abadiñoko berdintasun taldeak herriko emakumeei ikusgarritasuna emateko helburuz proposatu zigun emanaldi bat eskaintzea eta gerora sortu zen elkarrekin kontzertu bikoitza eskaintzeko ideia", azaldu du Txopiteak. Emanaldian musikari bakoitzak bere taldearekin joko badu ere, lehen emanaldiko zenbait kantutan Aramu taldeko musikariek ere parte hartuko dute, sokazko instrumentuekin. 

Sarrerak salgai lehiatilan

Kontzertua Udaleko Berdintasun Sailak antolatu du, soraluzetar baten proposamenez.  Hasiera batean, emanaldia martxoaren 7rako zegoen iragarrita Martxoaren 8ko egitarauaren barruan, baina taldekideetako bat konfinatu zutela eta eta azkenean, martxoaren 21era atzeratu dute. Kontzertua arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta sarrerak ordu erdi lehenago jarriko dituzte salgai kiroldegiko sarreran, 3 eroko prezioan.