Udaberriko ekinozioa bereziki berezia da, Lurra, Eguzkiaren orbitaren erdian baitago, eta, honek, zeruko ekuatorea zeharkatzen du iparralderantz, eta, beraz, planetak, bi hemisferioetan, Eguzkiarekiko distantzia bera duen posizio bat hartzen du. Ekinokzioetan gauak eta egunak berdin irauten dute.
Aurtengo udaberrikoa zapatuan da, 10:37an. Edozelan ere, eguraldiak ez du lagunduko bide horretan, adituek elurra iragartzen baitute oso maila baxuan barikutik aurrera.
Bestalde, bi asteburu barru ordu aldaketa izango da eta udako ordutegia ezarriko da. Hartara, 02:00etan beharrean 03:00ak izango dira.
Ordu-eremua ere aldatuta
Azken urteotan, polemika sortu da gai horren inguruan. Estatu espainiarrean, 1974az geroztik egiten da ordu aldaketa, ustez, energia aurrezteko helburuarekin. Gainera, kontuan hartu behar da lehenago, Francok penintsulako ordu-eremua Berlinekoarekin eta Pariskoarekin sinkronizatu zuela, nahiz eta berez, Estatu espainiarrari Portugalgo, Kanariar Irletako edo Erresuma Batuko ordu-eremua izatea dagokion. Horren ondorioz, Estatu espainiarrean bi orduko desberdintasuna dago Eguzkiarekiko.
Adostasunik ez
Europar Batasunak, berriz, 2001ean ezarri zien derrigorrezko ordu-aldaketa estatu kideei, energia aurrezteko helburuarekin. 2019an, berriz, neurria kentzen saiatu zen. Herri-galdeketa ere egin zuen gaiari buruz galdetuz. Baina ez zuten adostasunik lortu neurria ezabatzeko eta Europako Legebiltzarrean bozketaz erabaki zuten 2021. urtera atzeratzea gaia.
Espainiako Gobernuak, bere aldetik, aditu batzorde berezi bat sortu zuen zer komeni den argitzeko, baina han ere ez dira ados jarri. Behin betiko erabakia epe-mugarik gabe luzatuko dela aurreikusten da. Gainera, Espainian erabakitzen dena erabakita ere, Europako Legebiltzarraren onespena behar du.