Pentsioei buruzko proposamena “ez da bidezkoa”

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 15a, 12:35

Gaur eguerdian, pentsionisten elkarretaratzea.

Gaur, astelehena, pentsioen aldeko elkarretaratzean, baztertu egin dituzte Espainiako Gobernuak pentsiodunen aldarrikapenekiko eta pentsioen erreformarekiko eman dituen erantzunak. Azpimarratu dute, oro har, ez dela “bidezkoa gehienezko pentsioak eta pribilegioak beraientzat ziurtatzen dituzten horiek, ukatzea pertsona guztiei bizitza duina bermatuko dieten gutxieneko pentsio-zenbatekoak”.

Gaurko elkarretaratzean, batetik, jakinarazi dute joan den otsailaren 10ean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Espainiako Gobernuko ordezkariei bidalitako gutunaren erantzuna jaso dutela. Baina, diote bertan faltan igartzen dutela “zein diren Gobernuaren konpromiso zehatzak, iragarritako erreformak indarrik gabe uzteko eta pentsio publiko duin eta nahikoak bermatzeko. Gobernuko presidenteak ez du erantzun”.

"KPIa baino txikiagoa"

Bestetik, adierazi dute Gizarte Segurantzako Ministro Jose Luis Escrivák elkarrizketa sozialaren mahaian pentsioei buruz egin duen proposamenean, hautsi egiten dela KPIaren araberako errebalorizazioa, eta, horren ordez, “formula korapilatsu baten bidez” pentsiodunek ezingo dutela “inola ere aldeko aldea jaso, benetako KPIa aurreikusitako KPIa baino txikiagoa bada”.

Oro har, pentsiodunen mugimenduen ustez ez da “bidezkoa inola ere, gehienezko pentsioak eta pribilegioak beraientzat ziurtatzen dituzten horiek, ukatzea pertsona guztiei bizitza duina bermatuko dieten gutxieneko pentsio-zenbatekoak” eta diote halako formulak baztertzen “jarraituko” dutela.

Gaurko mobilizazioan 48 bat herritarrek hartu du parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.