Haritzak, basasagarrak… landatu dituzte Gizaburuagan

Egoitz Unamuno 2021ko mar. 15a, 09:33

Zapatu goizean, bertako zuhaitzak landatu zituzten Gizaburuagako lursail publikoan, Udalak deitutako landaketa irekian. Hamabost bat lagun elkartu ziren eta berrehunen bat landare sartu zituzten, Lurgaia Fundazioaren gidaritzapean.  

Zehazki, 194 landare sartu zituzten, bertako zuhaitz motetakoak: 150 haritz, 9 oilakaran, 5 otsolizar, 15 basasagar eta 15 arantza zuri. Lurgaiako Sergio Gallego teknikariak azaldu zuenez, “haritz hauek Azpeitiko mintegi batean hazitakoak dira, bertako haritzen ezkurretatik ernetakoak; izan ere, basoen kontserbaziorako ekimenaren helburuetako bat da bertako zuhaitzen ezaugarri genetikoak mantentzea eta horregatik erabiltzen ditugu bertako haziak”.

Landaketak indartzen

Lurgaia Fundazioko teknikariek azaldu zutenez, azken urteotan, bertako 170.000 landare baino gehiago landatu dituzte hainbat eragile publiko eta pribaturekin bideratu duten elkarlanari esker. Erakunde publikoez gain, gero eta gehiago, gizarte erantzunkizunera dirua bideratzen duten enpresak ari ei dira elkarlan horretan parte hartzen. 

Informazio osatuagoa eta landaketen deialdien berri jaso nahi duten herritarrek, Lurgaia Fundazioaren webgunea kontsulta dezakete: Lurgaia.org.