Sorapedia, Soraluzeren iraganaren eta orainaren gordailua

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 13a, 11:00

2015ean sortu zuten Sorapedia, “Soraluze herriaren entziklopedia, iraganeko eta oraineko gordailua” izateko nahiarekin. Sei urte pasatu dira harrezkero. Bitarte horretan, edukiz ia hutsik zen entziklopedia etenik gabe elikatzen joan dira. Orain, denetik dauka: 1.300 sarrera, 4.200 irudi eta 300 testu.

"Soraluzeri buruzko informazioa biltzen du, edozein informazio. Historikoaz gain, gaur egunekoa ere. Zer den baino, zertarako den garrantzitsuagoa da. Sorapediak Soraluzekoak -Soraluzen bizi direnak- soraluzetarrak bilakatzen lagundu nahiko luke, horretarako behar den materiala bilduz”, esplikatu du Juan Carlos Astiazaranek, Sorapediako bultzatzaileetako batek.

“Gai batzuk nahiko sakon landuta daude: Geografia eta Ingurumena, Ondarea Bibliografia eta Ekonomia. Bestalde, Soraluze izeneko atala ere nabarmendu nahiko genuke. Modu azkarrean herriaren ideia txukun bat egiteko balio duten edukiek osatzen dute. Beste gai batzuetan, berriz, eduki nahikoa izan arren, gauza asko daude lantzeko: Historia, Kirolak, Pertsonaiak, Kultura…", gaineratu du hark.  

Xehetasunak

  • Soraluze atalean, herriko abizenak, etxe-izenak, armagintza, kale izendegia, komunikabideak (errepideak, trenbidea...) urteurrenak, tunelak… informazio mordoa dago batuta.
  • Geografia eta Ingurumena atalak, baserrien, iturrien, ibaien, mendien, olen, erroten… berri dakar.
  • Bibliografian, Soraluzeri buruzko liburuak, artikuluak eta mapak aurki ditzakegu.
  • Ondarean, arkitektura, eskultura, urregintza, istorioak, Soraluzeko euskara… eta beste dago.
  • Ekonomia atalak ere denetik dauka: olak, errota eta zentralak, torlojugintza, autogintza, armagintza, makinagintza, enpresak, estatistikak… 

25 liburu, 10 bat mapa eta 36 kantu dituen Biltegi Digitala ere badauka

Azken adibide bat jartzearren, Biltegi Digital ederra dauka Sorapediak. Bertan 25 liburu, 10 bat mapa eta 36 kantu ditu gordeta. Gainera, guztietan materiala deskargatzeko aukera dago eta fitxategiak zelan deskargatu esplikatzen duten argibide guztiak bertan daude. 

Wikidepiaren filosofia 

Sorapedia sortu zen Soraluze Alkarrekin ekimenaren barruan, Herri identitatea izeneko taldeak bultzatuta. Talde hori honako lagun hauek osatzen dute: Miren Gallastegik, Jabi Garmendiak, Ana Maiztegik, Egoitz Unamunok eta Juan Carlos Astiazaranek. 

Baina, "Sorapediaren atzetik Wikipediaren filosofia dago. Hau da, edozeinek parte har dezake, gauza berriak sortzen, dagoena osatzen edo zuzentzen. Ez da, inondik inora, “akademikoa” izan behar. Soraluzeri buruzko zerbait kontatzeko izatea nahikoa da", diote sortzaileek.

“Badira, adibidez, beste laguntzaile esanguratsu batzuk. Bakar batzuk aipatze aldera: Fernando Alberdi -XIX.-XX. mendeetako materiala eskuratzen lagundu duena-, Oscar Perez -3D edukiaren diseinatzailea eta bideo-egilea-, Kontrargiko kideak -Atzoko eta Gaurko argazkiak-, Imanol Lopez Artolazabal -musika eta doinuak-, Soraluzen bizi Soraluze izan proiektuko kideak… eta Pil-pilean-ekoak!”, gaineratu dute. 

"Sorapediak duen beste ezaugarri bat azkartasuna eta malgutasuna da. Beste modu batean esanda, gauzak sortu ahala argitaratzen ditugu, zirriborro moduan kasu askotan. Halaxe, akatsez konturatzen direnek edo zerbait ekartzeko dutenek hobetzen laguntzen digute. Ez dugu itxaroten dena perfektua izan arte”, adierazi du Astiazaranek. 

Etengabeko lana 

Izan ere, etengabeko lan amaigabea dago Sorapediaren atzetik. Azken batean, nahiz eta hori ere lan handia izan, entziklopedian informazio historikoa behin sartuta nahikoa da, baina Soraluzeri buruz sortzen diren eduki berriek ez dute atsedenik eta horiek ere igo behar dira Sorapediara. 

Soraluzeri buruz sortzen diren eduki berriak etengabe igo behar dira Sorapediara

Halaxe azaldu du Astiazaranek informazio bilketaren prozesua: “Informazioa bi bidetatik biltzen da: guregana datorrenean edo bila goazenean. Alde batetik, inoiz inon Soraluzeri buruz ezer agertzen bada, batetik edo bestetik abisua ematen digute -badira laguntzaile batzuk halako gauzekin konturatzen oso onak!-. Informazio horrekin sarrera berri bat egiten da, edo aurreko sarrerak eguneratu egiten dira. Adibidez, Xabier Barrutieta arkitektoak “Proyecto de reforma integral de la iglesia Santa Maria la Real de Soraluze, Gipuzkoa” argitalpena iaz argitaratu zuenean, sarrera bat egin genuen “Liburuak” atalean, liburu berri horren nondik norakoak azaltzen. Horrez gain, beste bi sarrera egokitu genituen, Bibliografia (eu) ataleko zerrendan gehitu genuen parrokiari buruzko liburua, eta Biltegi digitala izeneko atalean liburua deskargatzeko esteka edo lotura jarri genuen.
Gai jakin bat landu nahi dugunean, berriz, lanketa desberdina egin behar da. Orduan, ahal den informazio gehien eskuratzen saiatzen gara eta lortutako horrekin sarrera sorta sortzen dugu.

Torlojugintza

Horietako azkena, esaterako, Torlojugintza izeneko sarrera izan da. Kasu horretan nahikoa material eskuratu genuenez, artikulu orokorraz gain, gaia sakonago lantzen zuten beste artikulu batzuk ere prestatu genituen: Teknologia, Bilakaera, Enpresen historikoa, Gaur eguneko enpresak, Torlojugintzarekin lotutako ipuin eta gertakariak… Halako kasuetan, lanak luze jotzen du, zirriborrotik hasita gaiari buruz lanketa maila txukun batera heltzeko. Hortik aurrera, etengabeko osatze prozesuan sartzen dira gai ugari", esan du Astiazaranek. 

Gero eta erabiltzaile gehiago 

Lanak lan, orain arteko emaitzarekin gustura daude egileak. Eta badirudi irakurle-ikusleak ere gero eta gehiago erakartzen eta asetzen dituela Sorapediak.Izan ere, urtetik urtera gora doa herriko entziklopedia digitalak duen erabiltzaile kopurua: "Erabilera nahikoa txukuna du, hileko 500 bat erabiltzaile. Gehienbat Soraluzeko euskaldunak dira, baina badaude kanpotarrak -kanpoan bizi diren soraluzetarrak- eta erdaldunak ere -itzultzaile automatikoak erabiltzen dituztenak-. Soraluzen 3.000 euskaldun baldin badaude, -Ahobiziak eta Belarriprestak batuta-, ez da audientzia makala. Audientziak gora egin du, batez ere Plaentxia-eus herriko atari digitalarekin elkarlanean ari garenetik. Lehen bloga lantzen genuen bertan; iaz, urteurrenak argitaratu ziren, aurten, berriz, toponimia lantzen hasi dugu urtea. Etorkizunerako ere lankidetza berriak asmatuko ditugu", dio Astiazaranek. 

Laguntza beharra

Hileko 500 bat erabiltzaile ditu Sorapediak, soraluzetarrak zein kanpotarrak

Hori bai, Astiazaranek gogora ekarri du laguntzarako premia ere baduela Sorapediak. Batez ere, bi ildotan. Alde batetik, sortzaileei dagokienez: "Puntu ahula daukagu, gehiago beharko genituzke".

Eta beste aldetik, alde ekonomikoan Soraluzeko Udalaren laguntza "ezinbestekoa" da. "Harremanak oso onak dira; hasierako urtean, Sorapediaren garapen informatikoa ordaindu zuten, eta ordutik hona mantenua. Datozen urteetan ere haren laguntza izango dugula konbentzituta gaude".

Hainbat bitxikeria

Ugari dira ezustekoa eragiten duten Sorapediako edukiak. Hona hemen 6 bitxikeria. 

Andre abadea

Soraluzen andra abadea izan genuen, errentak kobratzen eta mezak “azpikontratatzen” zituena.

Aberatsak agintari

Garai bateko “euskal  demokrazia” zenak bazituen bere ajeak: XVI eta XVII mendean denok zeuzkaten eskubide berberak (andrek, gizon gazteek eta kanpotarrek ezik) baina herriko kargu publiko guztiak dozena bat familiek (herriko %2ak) eskuratzen zituzten beti. XVIII mende hasieran 50 bat aberatsek (herriko %5ak) agintzen zuten, eta 1766. urtean pobreen ordezkariak ere aukeratzen zuten (del común), baina aberatsek gehiengoa mantentzen zuten Udalan.

Soraluze mapetan

Josepf Florencio Lamotek, bere mapa famatuan (1756), zioen: Europako printzeek agindu zutela Soraluze mapetan sartzeko. Eta egia da: XVIII mendeko Europako mapa orokorretan Soraluze agertzen da; eta Mafran (Portugalen) agertzen den garai bereko mapamundian ere!

Bilbao-Behobia Iruretik

Bi mila urte baino gehiagoan, XIX mende hasiera arte, orduko Bilbao-Behobia errepide nagusia Azitainetik Irurera igotzen zen, handik Soraluzeraino jeitsi, ibaia zeharkatu, eta mendian gora, San Andresetik Irukurutzetaraino joaten zen, handik Azkoitiara jeisteko. Bide honen ondoan sortu zen Soraluze, baserri nagusiak, ermitak, lapurrak…

Munduko kalerik estuena

Soraluze herri estu eta luzea izanik, ez da harritzekoa jakitea munduko kale estuena Placencian dagoela (Wikipediaren arabera, Sorapediak ez du ezer esaten honetaz). Baina kale hori ez dago Soraluzen, Belizeko (Amerika) Placencian baizik!

Placencia lokomotora

Placencia izeneko lokomotora izan zen. 1886an erosi zuten, Durango-Zumarraga trenbiderako, eta 1888 Placencia izena jarri. 1902 urtean Galicia aldera saldu zuten Galiciako Ferrocarril de Puente Nuevo a Ribadeo elkartearisaldu zioten,  28.209 pezetatan, eta honek Abres izena jarri zion. Azken urteak Ferrol-Gijon trenbidea eraikitze lanetan eman zituen (1965-1972).

Juan Carlos Astiazaran: "Soraluze uste baino aberatsagoa da"

Sorapediaren tripak ederki asko ezagutzen ditu Juan Carlos Astiazaranek. 

Egilearen ikuspuntutik zein da Sorapediako sarrera kuttunena? 
Komunikabideena. Herritik pasatzen diren bideak aztertzen hasi eta konturatu ginen alderantziz zela, herria egokitu zela antzinatik zeuden bideetara. Labaderogainen parean zegoen Gipuzkoa mendebaldeko ibi garrantzitsuenetarikoa; haren inguruan sortu zuten Soraluze.

Sarrera zailena zein da? 
Agian, Torlojugintzarena. Lana ez da oso zaila izan, baina Soraluzeri horrenbeste eman dion lanbideak askoz sakonago lantzea merezi du; informazio faltarengatik, aurrera egitea zaila egiten zaigu. 

Edozeinek elikatu edo zuzendu dezake Sorapedia; zer egin behar da? 

Sorapedia elikatzeko gogoa besterik ez da behar

Gogoa besterik ez da behar eta asko laguntzen du gai bat landu nahi izateak: informazioa bildu, egituratu, osatu… eta “sorapediaratu” egin behar da besterik ez. Teknikoki ez du misterio handirik: kontua zabaldu behar da (edo, nahi bada, kontu anonimoa erabili, erabiltzailea: berria/ hitz gakoa: sorapedia), sartu eta idatzi. Laguntzak badaude, eta behar badira ikastaroak ere bai. Zuzenena, gurekin harremanetan jarri eta berba egingo dugu.

Zergatik kontua zabaldu behar hori? 
Hasieran, ekarpenak libre ziren, Wikipedian moduan. Baina behin, astebetean 200 sarrera berri agertu ziren… Ezin genuen sinistu, ea taldeko zeinek egin zuen halako lan handia… Baina, Nigeriatik automatikoki sartutako propaganda orriak ziren! Lan handia hartu genuen “polizoiak” atzematen eta ezabatzen. Ordutik, sartzeko “izen bat” eskatzen dugu, halakorik berriro ez gertatzeko.

Sorapedia euskaraz jaio zen? 
Lapikoa eta babak bereizi behar dira. Lanabes moduan, Sorapedia euskaraz zein gaztelaniaz lan egiteko prestatu genuen -edo ingelesez, alemanez, frantsesez… edozein hizkuntzatan-. Horregatik sarrera bakoitzak (eu) edo (es) dauka bukaeran, zein hizkuntzatan dagoen adierazteko. Dena dela, gaur egun Sorapedia “lapikoan” dauden “baba” gehienak euskaldunak dira. Etorkizunean… ikusi egin behar: Sorapedia gaztelaniaz nahi duena balego, ateak zabal-zabalik topatuko ditu.

Beste zerbait gaineratu nahiko zenuke? 
Gure herria beste modu batean begiratzen ikasi beharko genuke, Soraluze uste baino askoz aberatsagoa da eta. Etorkizunari begira, Soraluzen baditugu baikorrak izateko motiboak: egoera

Okerrenari buelta emateak ekarri zion aberastasuna herriari

txarrenetan (Soraluze ez da egokia nekazaritzarako, aldapa oso handiak ditu eta urak lurrak eramaten ditu), nahiz eta batzuek alde egin, beste batzuek lurrari eutsi zioten (mendian 200 kilometrotik gora “mugak” eraikiz eta urtero mantenduz) eta azkarrenek baldintza okerrak (aldapa eta ura) diru-iturri bihurtu zituzten, burdinolak sortzeko indarra, alegia. Okerrenari buelta emateak ekarri zion aberastasuna herriari.