Atzo, Geroa Pentsioak erakundearekin gatazkan dauden 10-11 bat soraluzetar elkartu ziren. Behin erretiratuta, Geroa Pentsioak BGAEan (Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundea) duten dirua berreskuratzeko gaur egungo sistemarekin ez daude ados. Diotenez, “diskriminatuta” sentitzen dira.
"Diskriminazioa"
“45.120 eurora arteko kopurua baldin baduzu, kapital modura kobratu dezakezu, aldiz, hortik aurrerako diru-fondoa izanez gero, 20 urtean, hilero 180-200 euroko errenta osagarri modura kobratu daiteke bakarrik. Zergatik diskriminazio hori? Aukeran eman beharko ligukete zelan kobratu, errenta modura edo kapital modura”, esplikatu zuen Cenzualek.
“Geroa sortu zenean -1996an-, pentsio plana zela esplikatu zuten baina, gure ustez, ez zegoen zehaztuta, behin erretiratzen ginenean, BGAEn batutako dirua zelan berreskuratuko genuen. Denborarekin, badirudi estatutuak aldatu zituztela eta araudi berri hau sartu, 45.120 eurora bitarteko kopuruarena. Gu horrekin diskriminatuta sentitzen gara eta kontra gaude. Gainera, %35eko karga fiskala dauka. Pentsa hileroko 180-200 euro inguruko errenta osagarritik hori kentzen badute…Kapitala osorik erretiratzen bada ere kentzen dute kopuru bera, baina behin kentzen dute eta listo. Bizi osoko errentan, urtero kentzen dute kopuru hori”, gaineratu zuen Jauregik.
Atzo elkartu zirenak Soraluzeko GOLeko, SAPAko eta Irazolako eta Elgoibarko Tximi lantegiko beharginak dira.
Epaitegietara
Geroan duten dirua nahieran kobratzeko helburua oinarri, soraluzetarrak Geroak Kaltetutako Plataformako ordezkariekin elkartu ziren atzo; plataforma hori helburu bera lortzeko sortu zen orain dela urte eta erdi eta dagoeneko 1.800 kide inguru ditu.
Iragarri zuten elkarrekin mobilizatzen hasiko direla eta gertu daudela eurena lortu arte aurrera egiteko. Hain justu, Geroak Kaltetutako Plataformako sustatzaile Jose Mari Lazkano ere izan zen Soraluzen eta hark azpimarratu zuen orain dela urte eta erdi abiarazitako borrokaren azken pausoan daudela, dagoeneko abokatuekin berbetan ari baitira gaia epaitegietara eramateko.