Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok aurkeztu zuen herritarren kooperatiba energetikoen egitasmoa. “Energia berriztagarri jasangarriak eta autokontsumoa aukeratzen dituzten sistemak eta gure lurraldearen kanpoko mendekotasun energetikoa murriztea xede dutenak” bultzatu nahi ditu.
Debegesan emandako xehetasunen arabera, sistema horietako bat herritarren kontsumo kooperatibak dira, “irabazi asmorik gabekoak, herritarren hornidurarako eguzki energia sortzea eta kudeatzea bultzatzen dituztenak. Kooperatiba horiek Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean ingeniaritza sustatzailearekin batera sustatzen dira, horiek baitira Gipuzkoako Lurralde Historikoan Ekiolak izeneko eguzki energiako herritarren kooperatiben instalatzaileak”.
%20-30eko murrizketa
Asensioren esanetan, “kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu sortze kostu egonkor batekin, oso epe luzerako (25 urte edo gehiago). Instalazio horiek pertsona edo familia kopuru handi batentzat kudeatuko dira, eta, horrela, instalazioek tamaina ertaineko/handiko proiektu baten berezko ekonomiak izango dituzte. Emaitzak kooperatibistei itzuliko zaizkie faktura elektrikoetan, argi faktura gutxi gorabehera % 20-30 murriztuta”.
Ekimen honen aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Debegesako ordezkariak, Krean enpresako zuzendaria, Eibarko eta Elgoibarko Ingurumen zinegotziak eta Debako eta Mutrikuko alkateak.