Azken boladan, ugaritu egin dira iruzur saiakerak. Atzo, beste baten gaineko ohartarazpena egin zuen Ertzaintzak. Oraingo honetan, telefono mugikorrak kontrolatzea dute helburu ustezko iruzurgileek.
Egiten dutena da mugikorretara mezua, SMSa bidali, Fedex enpresaren identitatea hartu eta esanez ustezko pakete bat iritsiko dela. Haren jarraipena egiteko aplikazio bat jaitsi behar dela jakinarazten dute eta bertarako lotura bidali.
Ustezko aplikazioa (banku-troiar bat) jaisteko jarraibideak dituen orri bat agertuko da. Biltegi ofizial bat ez denez, Androideko segurtasun-sistemak hori instalatzearen arriskuez ohartaraziko du eta blokeatu egingo du.
Baina, orri horretan berariaz adierazten da Androidek blokeatu egingo duela; hala, jarraibide batzuk ematen ditu segurtasun-sistema desblokeatzeko.
Aplikazioa instalatu ondoren, erabiltzaileari ia edozein ekintza egiteko baimena eskatzen dio. Baimenak emanez gero, dispositiboaren kontrol osoa ematen ari garela jakinarazi du Ertzaintzak. Halaber, iruzurgileak mugikorrean dauden kontaktuen zerrendak eta instalatutako bankuko aplikazioak erabiltzen dituzte ohartarazi du.
1.000 SMS baino gehiago
Lehen kasuan, biktimak erakartzen segitzeko nahi dituzte kontaktuen zerrendak. Ertzaintzatik esan dutenez, hauteman dute 1.000 SMS baino gehiago bidali izan direla. Banketxeetako aplikazioen kasuan, berriz, biktimak haietan operazioak egiteko dituen baimenez jabetzen dira.
Mota horretako delituen biktima ez izateko, honako gomendioak eman ditu Ertzaintzak:
- Ez jarraitu iristen zaizkigun linkak.
- Sartu aurretik, egiaztatu urls helbideak. Domeinua behar bezala erregistratuta izan behar dute.
- Ez jaitsi biltegi ofizialetan ez dagoen aplikaziorik.
- Baimendu aurretik, aztertu aplikazioen baimenak. Pentsatu ea beharrezkoa den joko batek deiak jasotzeko edo bidaltzeko, grabazioak egiteko edo galerian sartzeko baimenak izatea. Gehiegizko baimen horiek aditzera ematen dute aplikazioak ez duela adierazten duena bakarrik egiten, baizik eta, horrez gainera, informazioa biltzeko ezkutuko prozesuak ere izango dituela.
- Dispositiboa kutsatu bada, telefono-konpainiara deitu SMSak desaktiba ditzan, era horretara horiek hedatzea eta fakturatzea eragozteko.
- Troiarra ezin bada desinstalatu, dispositiboa fabrikako balioetara itzuli.
- Datuak kutsatu aurreko segurtasun-kopia batetik instalatu berriz. Gomendagarria da segurtasun-kopiak aktibatuta izatea, hondamenen bat gertatzen bada daturik garrantzitsuenak lehenera daitezen.