Gaurtik, txertoa hartzeko txanda eska dezakete ikastetxeetako langileek

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 10a, 09:06

Plaentxi Eskolako sarrera, gaur goizean, eguaztena.

Osakidetzak iragarri du azkartu egingo duela 55 urtetik beherako pertsonen txertatzea. 30 lan-esparrutako kolektiboak zerrendatu ditu txertoa hartzeko. Besteak beste, gaurtik, hezkuntza arloko langileek (unibertsitateetakoek izan ezik) Osakidetzaren webgunearen bitartez har dezakete txanda. AstraZenecaren txertoa emango diete.

Gaurtik, eguaztena, hezkuntza arloko honako langileek har dezakete txanda: lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta jantokiko, sukaldeko eta garraioko langileak. Osakidetzaren webgunera jo beharra dago horretarako.

Bestalde, Osakidetzak iragarri duenez, “aste honetako planteamendua” da honako kolektiboak txertatzen jarraitzea, betiere, txertoaren dosien eskuragarritasunaren arabera:

  • Ertzaintza
  • Udaltzaingoa
  • Polizia nazionala eta Guardia Zibila
  • Suhiltzaileeak
  • Etxeko Arreta Zerbitzuko profesionalak
  • Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko hezkuntza-eremuko profesionalak
  • Espetxeetako funtzionarioak
  • Farmaziako bulegoetako profesionalak

Aste honetan, berriz, honako kolektibo hauekin hasiko da prozesua:

  • Bilboko eta Pasaiako portuko profesionalak
  • Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko profesionalak
  • Fisioterapeutak
  • Osasun publikoko laborategietako pertsonala
  • Unibertsitatez kanpoko irakasleak
  • Gazteen justizia-zentroetako langileak
  • Psikologiako profesionalak
  • Podologiako profesionalak
  • Optometristak
  • Albaitariak
  • Hortz-protesigileak
  • Arrantzaleak
  • Aterpetxeetako profesionalak
  • Iragaitzazko migratzaileen eta errefuxiatuen harrera-zentroetako profesionalak

Halaber, honako kolektibo hauek izango dira hurrengoak:

  • Garraio publikoko pertsonala
  • Etxeetan arreta ematen duten udaletako gizarte-langileak
  • Supermerkatuetako kutxetako langileak
  • Presoak