5G Hitzaldia 2/2

“Europako Kontseiluak agindutako prekauzio printzipioa ezartzeko eskatzen dugu” Isabel Moreno

Egoitz Unamuno 2021ko mar. 10a, 08:00

Isabel Moreno 5G-aren moratoria eskatzen duen espainiar estatuko eta EAEko koordinadorako kidea da eta pasa den otsailaren 24an, 5G teknologiaz hitzaldia eskaini zuen antzokian. Bertan azaldu zuenez, koordinadoraren eskari nagusia da “5G teknologia ez ezartzea segurua dela bermatu arte” eta Morenoren ustez, 5Ga segurtasuna bermatu barik ari dira ezartzen.  

“Prekauzio printzipioa” aldarrikatu zuen Isabel Morenok eta aipamen berezia egin zion Europar Kontseiluak 2018an onartu zuen 18/15 erresoluzioari, zeinak ohartarazten duen uhin elektromagnetikoek osasunean eta ingurugiroan izan dezaketen eraginaren gaia oraindik aztergai dagoela eta zeinak espresuki eskatzen dien gobernuei ezar dezaten “prekauzio printzipioa”, “bere garaian amiantoarekin, beruna duen gasolinarekin edo tabakoarekin gertatu zena eragozteko”. Morenoren ustez, ez dira hori egiten ari, “osasunerako arriskutsua izan daitekeela erakusten duten indizio ugari izan arren”.

Enpresak eta legea

Morenok salatu zuenez, 5Ga garatu duten enpresek ez dute teknologia horrek gizakiarengan eragin ditzakeen gaineko azterketarik egin eta ondorioz, egiten ari direna bermeak betetzen ez dituen esperimentazioa da”. Horrela, azaldu zuen 5Garen ezarpen prozesuak hainbat arau europar eta espainiar hausten dituela, eta Espainian, esaterako, administrazioak ez duela legeak agintzen duen adituen mahairik osatu, “herritarren defentsoreak behin baino gehiagotan eskatu duen arren”.

Eragin handia ingurugiroan

Bestalde, Morenok ohartarazi zuen 5Garen ezarpenak eragina handia izango duela ingurugiroan, energiaren kontsumoan ekarriko duen hazkundeagatik eta dispositiboak ugaritzeak lehengai kopuru handia eskatuko duelako. Horren harira, azaldu zuen telekomunikazio enpresak nabarmentzen ari direla 5G teknologia “efizienteagoa” dela baina, aldiz, ez dutela ohartarazten kontsumo eta dispositiboen ugaritze neurrigabeak ekar ditzakeen ondorioz. “Hainbat enpresa eta gorbernuren aurreikuspenek diote, urte gutxian energia kontsumoa bikoiztera hel litekeela eta hori ez da jasangarria planetarentzat. Horrez gain, prozesu honek negutegi efektuarengan izan dezakeen eragina automobilek eragiten dutena gainditzera irits daiteke. Guzti hori ez dator bat Parisko akordioetan hitzartutakoarekin”.

Pribatutasuna bermatuko duen legedi zorrotzaren beharra

Pribatutasunaren eta kontrol sozialaren gaia ere hizpide izan zuen Morenok eta aipatu zuen Big Dataren bitartez herritar bakoitzarengan ezartzen ari diren kontrola gero eta zorrotzagoa dela. “Oraindik ere posible da kontrol horri ixkin egitea, mugikorra, sare sozialak edo interneta ez erabilita, baina etorkizunean hori ez da posible izango dena konektatuta egongo delako. Dagoeneko posible da pertsonaren datu biometrikoak, egoera animikoak, minak, arreta… neurtzea, sensore eta kamaren bitartez. Neuroteknologia oso azkar ari da garatzen eta aipatzen dute pentsamendua kontrolatzera ere irits daitezkeela”. Horren aurrean, galdera ere jaurti zuen: “nork irabazten du guzti honekin?”. Morenoren ustez, argi dago irabaziko dutenak “enpresa handiak” izango direla. “Uste duzue enpresak hiru trilloi euro gastatzen ari direla guk pelikula bat azkarrago deskarga dezagun?”.

Morenok beste hainbat gairekiko kezka ere azaldu zuen: online hezkuntzaren hazkundea, arrakala digitala, teknologia digitalera bideratzen ari den dirutza publikoa… Horren aurrean, herritarrek kontsultatuak izateko duten eskubidea aldarrikatu zuen eta baita pribatutasun eskubidea errespetaraziko duen legedi zorrotza ezartzeko beharra ere.

Telekomunikazio lege berria gerarazteko ahalegina

Azkenik, herritarrak animatu zituen Espainiako Gobernua lantzen ari den telekomunikazio lege berriaren aurreproiektua gerarazteko ahaleginarekin bat egitera eta udalean aurreproiektua gerarazteko eskatzen duen mozioa aurkeztera.