Martxoak 8

'Dena aldatu, sistema arrakalatu!'

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 8a, 10:09
Olatu morea, Gabolatseko zubi txikitik.

Gaur, Martxoak 8, 11:45ean hasiko dira Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko ekitaldiak, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzeak bat egingo baitu morez jantzitako egunarekin. Ondoren, arratsalde-iluntzen segituko du aldarrikapen egunak. 18:30ean abiatuko da M8 Plataformak antolatutako manifestazioa, Plaza Berritik. Bestalde, Soraluzeko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du. 

Plaza Berrian, 11:45ean egin dute asteleheneroko hitzordua, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzea egiteko. Batera zein bestera, bertan ere aldarrikatuko dituzte emakumeen eskubideak. 

Morez jantzita

Iluntzean, berriz, 18:30ean abiatuko da M8 Plataformak antolatutako manifestazioa, Plaza Berritik, Dena aldatu, sistema arrakalatu leloarekin. Morez jantzita edo kolore moredun zerbaitekin joateko deia egin dute antolatzaileek. Ildo beretik, manifestazioa hasi aurretik, plazan bertan izango da kamisetak, poltsak eta txapak eskuratzeko aukera. Soraluzeko Udalak ere egin du bertan parte hartzeko deia.

Soraluzeko udalarekin segituz, adierazpen instituzionala kaleratu du gaur, zaintza parekideak oinarri eta “begirada feminista” eskatuz, “erakundeetatik bultzatzen” diren “politika guztietan”.

Zaintza, garrantzitsuena

Azpimarratu dutenez, pandemiak agerian laga du “gordinki feminismotik aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea da, ekodependentea eta interdependentea. Ezerk ez du bizitzaren zaintza baino garrantzitsuagoa izan behar. (…) Genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da; emakumeek beren gain hartu dute zaintza gain-karga gehiena, ordaindua eta ez; lana galdu dute edota lan-baldintza prekarizatuak bizi izan dituzte; birusa jasateko arrisku handiagoa jasanez gainera. Horregatik, gaur, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, pandemiak eta haren kudeaketak markatutako urte honetan, emakumeek pandemiari eta honen ondorioei aurre egiteko borrokari egindako ekarpen berezia balioan ipintzea dagokigu”. 

Adierazpen Instituzionala

Hona hemen adierazpen instituzionala, osorik:

ZAINTZA PAREKIDEAK.

Duela ia urtebete, inoiz ez bezala, COVID19ak eragindako pandemiak gure jendartea eta bizitzeko moduak astintzeari ekin zion. Aurrekaririk gabeko krisi multidimentsional eta sistemiko bat bizi dugu, lehendik zetozen beste krisi batzuekin gurutzatzen eta lotzen den krisia, hala nola krisi ekologikoa eta zaintzen krisiekin.

Pandemiak agerian utzi du gordinki feminismotik aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea da, ekodependentea eta interdependentea. Ezerk ez du bizitzaren zaintza baino garrantzitsuagoa izan behar, pandemiarekin muturreraino ahuldu eta prekarizatu den bizitza. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustu erradikala egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan, dagoeneko egiaztatuta baitago emakumeek eta neskek eragin negatiboagoa jasan dutela krisi honetan, batez ere krisia iritsi orduko zaurgarritasun edo diskriminazio handieneko egoeran zeudenek.

Hilabete hauetan gertatutako genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da: emakumeek beren gain hartu dute zaintza gain-karga gehiena, ordaindua eta ez; lana galdu dute edota lan-baldintza prekarizatuak bizi izan dituzte; birusa jasateko arrisku handiagoa jasanez gainera.

Horregatik, gaur, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, pandemiak eta haren kudeaketak markatutako urte honetan, emakumeek pandemiari eta honen ondorioei aurre egiteko borrokari egindako ekarpen berezia balioan ipintzea dagokigu. Horregatik, gaurko egunez, martxoaren 8an, jendartearen aintzakotza konpromiso publiko sutsu baten moduan adierazi behar da, banaketa desberdin eta bidegabe horri eusten dioten genero-arrakalei aurre egiteko. Desberdintasun horiek agerian geratzen dira emakumeek funtsezko zerbitzuetan betetzen dituzten lan-baldintzen prekarietatean. Garaia da zaintza-lan guztiak beren balio egokian jartzeko eta pertsona guztien artean ekitate eta ongizate handiagoa sortuko duen eredu erantzunkideago baterantz aurrera egiteko. Krisi sistemiko honetan arlo publikotik erantzun integralak emateko garaia da. Erantzun horiek esparru eta maila guztiak antolatu behar dituzte, globaletik tokikotasunera, eta alderantziz; izan ere, irtenbidea ez da pandemiaren aurreko egoerara itzultzea, emakume askok diskriminazioa eta haren aurreko eskubideen urraketa bizi baitzuten.

Udalok, pandemiari eta pandemiak pertsonengan eta komunitateengan dituen ondorioei aurre egiteko lehen lerroan gaudenok, zaintzaren inguruko politika publikoen sustapenaren buru izan behar dugu, erantzunkidetasun publikotik eta gizon eta emakumeengan dauden baldintza eta inpaktu desberdinei erantzunez. Erakundeek beren artean antolatu behar dute, eta bideak ireki behar dituzte herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten, batez ere emakume-talde anitzei eta mugimendu feministari dagokienez. Behar bezala aurre egin behar diogu daukagun erantzukizun publiko handiari. Gainera, artikulazioa eta parte-hartzea bultzatu behar dugu, premisa feministetatik abiatuta, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabideak bideratuz behar bezala inplementatzeko.

Horregatik guztiagatik, Udal honek, bere eskumenen eta bere ahalbide ekonomikoen esparruan, konpromiso hauek hartzen ditu:
 

  • Tokiko gizarte-sarearekin lankidetzan zaintzen gizarte-antolamenduaren ereduari buruzko eztabaida bultzatzea, bizitzak erdigunean ipiniko dituen eta zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioan oinarritutako ikuspegi feminista batetik.
  • Kolektibo ahulenen egoera, funtzionamendua eta beharrak (bakarrik bizi diren adinekoak, guraso bakarreko familiak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta haurrak, familia-eremuko zaintzaileak, langabeak, etab.) COVID-19ren ondorioak genero-ikuspegiarekin berrikustea  eta horiei aurre egiteko neurriak abian jartzea.
  • Zaintzen inguruan ematen diren baldintzak duintzeko ekintzak abiaraztea.
  • Udal berdintasun-planetan emakumeen, nerabeen eta nesken banakako nahiz taldeko ahalduntzea indartzea, zaintza balioan ipiniz eta gizonek duten erantzunkidetasunean eraginez.
  • Zaintzen sare komunitarioei laguntzea, maila lokalean.
  • Premisa feministetatik abiatuta, zaintzari buruzko herritarren eztabaida-guneak irekitzea; jendartea, administrazioa eta gure erkidegoan dauden beste sektore batzuk inplikatuz.
  • Ahal den neurrian, tokiko politika guztietan berdintasun-politikak eta genero-zeharlerrokotasuna garatzeko langileak eta baliabide teknikoak nahiz ekonomikoak zaintzea eta indartzea.