Bihar hartuko dute txertoa Eguneko Zentrokoek

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 8a, 09:20

Bihar, martitzena, txertatuko dituzte Eguneko Zentroko erabiltzaileak, Pfizerren txertoaren lehen dosiarekin. Bertako langileei dagokienez, berriz, datozen egunotan emango diete haiei txertoa, AstraZenecarena, kasu honetan. 74-98 urte bitarteko 16 erabiltzaile ditu Eguneko Zentroak.

Eguneko Zentrotik emandako xehetasunen arabera, bertako erabiltzaile guztiek hartuko dute txertoa. Langileei dagokienez, berriz, sei dira eta lauk hartuko dute; batek COVIDa pasatu berri duenez, orain ez du hartuko txertorik eta beste batek ez du nahi.

"Orain, tentsioan"

Edozein modutan, azpimarratu dute lasaitu ederra hartuko dutela txertoa hartu ondoren. “Orain, denbora guztian gaude tentsioan, beldurrez, lasai ibili ezinda. Gainera, bai gu eta baita zentroko erabiltzaileak ere kalean ibiltzen gara. Hau da, Eguneko Zentroa ez da egoitza moduan eta hemendik kanpo guztiok dugu bizitza normala. Horrek tentsioa areagotu egiten du, gutariko edozeinek ekar bailezake birusa”.