EAEn mugikortasuna libre

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 5a, 19:54

Martxoaren 9tik, martitzenetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoan mugikortasun askea izango da. Bestela esanda, herrien zein lurralde historikoen orain arteko itxiera perimetralak bertan behera laga dituzte. Bertan behera lagako dituzte, baita ere, eremu gorriko herriei ezarritako mugak. Gainontzeko neurriek bere horretan segituko dute. Halaxe iragarri du Iñigo Urkullu Lehendakariak LABIaren aholku batzordearen ondoren.

Martitzenetik aurrera, ez da egongo mugarik lurralde historikoen artean eta bertako herrien artean mugitzeko. Horixe da gaurko -barikua- LABIren aholku batzordeak iragarri duen nobedaderik handiena. Izan ere, gainerako neurri murriztaileek bere horretan segituko dute.

Hau da, etxeratze aginduak segitzen du izaten 22:00etatik 06:00ak arte; ostalaritza ordutegiak orain artekoak izango dira; merkataritza eta kultura jarduerak beranduen jota 21:00etarako bukatu beharko dira; taldean, gehienez jota lau lagun elkartu ahal izango dira eta lekuetako edukiera-mugak orain arteko berberak izango dira.

Lehendakariak azpimarratu du “zuhurrena” dela “neurriak luzatzea, harik eta egoera epidemiologikoa egonkorragoa eta ziurtasun handiagokoa izan arte”. 

Eremu gorririk ez

Hori bai, eremu gorriari zegozkien mugak bertan behera lagako dituzte. Hau da, ezabatu egingo da 500dik gorako intzidentzia-tasa metatuaren erreferentzia, herrietan aparteko murrizketak ezartzeko erabiltzen zena. Orain tasa hori gainditzen duten herriak apenas lau dira, eta Lehendakariaren esanetan ez du zentzurik haietan aparteko mugak mantentzerik.