Martxoaren 4an abiatu da Errigoraren udaberriko kanpaina eta martxoaren 24ra bitartean izango da produktuak eskatzeko aukera Errigora.eus webgunean. Hain zuzen, horixe da aurtengo nobedadeetako bat, eskaera guztiak online bideratuko direla, webgunearen bitartez. Hori bai, norbaitek laguntza behar izanez gero, badago eskaria telefonoz egiteko aukera ere, 848 87 12 23 telefono zenbakira deituta.
Soraluzen, Pil-pilean, Iratxo eta Arranoa arduratuko dira kanpainaz. Martxoan, herritarrei kanpainaren berri eman eta eskatzen duenari eskaera egiteko laguntza emango diote, eta, apirilean eskatutako produktuak entregatuko dituzte (23an, 18:00etatik 20:00etara, Gaztetxean.
Udaberriko kanpainaren ingurukoak
Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak, ekoizteko erak alda daitezen, kontsumitzeko moduak aldatzeko bide bat proposatu nahi dizu. Izan ere, gaurko kontsumoaren araberakoa izango da biharko ekoizpena. Udaberriko kanpaina honetan Agerreko (Nafarroa hegoalde eta erdialdeko) oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz eta pasta-sortak eskatu ahal izango dira, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.
Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa 5 litroko bidoietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka.
Banaketa apirilaren bigarren hamabostaldian izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzu. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. 200 bat herritan daude banaketa guneak.
Ordainketa txartel bidez eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izango duzu (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez baduzu, dena batera ordainduko duzu, eskudirutan, produktuak jasotzean.
Guzti hau auzolanean antolatzen da. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko zenukeen prezio berean.