Kafe-kapsulak mini-garbiguneetan laga ahal dira

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 5a, 11:00
Kafe-kapsulak batzeko puntuak.

Gaurtik aurrera, plastikozko eta aluminiozko kafe-kapsulak mini-garbiguneetan laga ahal izango dira, Debabarreneko Mankomunitateak eta Nestlek adostutako hitzarmenari esker. Horretarako, bi konpartimentu egokitu dituzte mini-garbiguneetan: bata aluminiozko kapsulentzako eta bestea plastikozkoentzako.

Orain arte, kafe-kapsulak errefusaren edukiontzi grisetara botatzen ziren eta ondorioz, ez ziren birziklatzen. Halako kapsulak asko erabiltzen direla jakitun, Mankomunitateak hitzarmena sinatu du Nestle enpresarekin, kapsulok mini-garbiguneen bitartez jaso ondoren, birziklatu ahal izateko.

Mini-garbiguneak egokituta

Eskualdeko 12 mini-garbiguneetan, bi konpartimentu egokitu dituzte horretarako, plastikozko kapsulendako bata eta aluminiozkoentzat bestea. Hain justu, telefono mugikorrak batzeko zeuden hiru konpartimentuetako bi erabiliko dira orain kapsulak batzeko.

MIni-garbiguneetan batutako kapsulak garbigune orokorretara eramango dituzte mankomunitateko langileek eta Nestleren esku geratuko dira ondoren. Garbigunera zuzenean ere eraman ahal izango dira kapsulak. 

Mankomunitateko prentsa zerbitzutik jakinarazi dutenez, zerbitzuak ez du inolako kosturik izango Mankomunitatearentzat. Akordioa lau urterakoa da, luzatzeko aukerarekin. Mankomunitatetik azpimarratu dute “aurrerapausoa” dela zerbitzu berria: “Lehen eskualdean birziklatu ezin genituen hondakinak birziklatzeko aukera ematen baitu. 2030erako gaikako bilketaren %70era iristeko helburua asmo handikoa da, eta horrelako ekintza txikiek norabide zuzena markatzen dute”.