Martxoak 8

Hasi dira M8arengatik antolatutako ekitaldiak

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 4a, 18:10
Eskolan ipini dute Martxoaren 8a aldarrikatzeko loneta.

Gaur, eguena, hasi dira M8aren bueltako ekitaldiak. Plaentxi Herri Eskolako hainbat ikaslek topiko sexistak apurtzen dituen antzezlan bat ikusi dute, antzokian. Iluntzean, berriz, La boda de Rosa filma eskainiko dute, helduendako. Egitarauaren hurrengo hitzorduak asteleheneko elkarretaratzea eta manifestazioa dira.

Gaur arratsaldean, umeek estreinatu dute aurtengo M8aren bueltan antolatutako egitaraua. Gustura asko egon dira Eidabe konpainiaren Futbolariak eta printzesak lana ikusten, haiek esandakoak adi entzun eta egindakoekin barre egiten. 

Elkarretaratzea eta manifestazioa

Gaur, 19:00etan, berriz, Iciar Bollainen La boda de Rosa filma eskainiko dute. Honakoa da sinopsia: 45 urte betetzear dituela, Rosa konturatuko da beti besteentzat bizi izan dela, eta alde egin, dena utzi eta botoi nuklearra sakatzea erabakiko du. Bere bizitzaren agintea hartu eta negozio propioa izateko ametsa bete nahi du.

Egitarauaren hurrengo hitzorduak dira asteleheneko elkarretaratzea -11:45ean Plaza Berrian- eta manifestazioa -18:30ean Plaza Berrian- . Hain justu, bihar, barikua, apainduko dute herria astelehenari begira. 

Sarrera erdiak salduta

Bestalde, Emakumeen Nazioarteko EGunaren bueltan, El Enjambre antzezlan entzutetsua taularatuko dute martxoaren 13an. Iratxo goxo-dendan daude salgai sarrerak. Han esandakoaren arabera, erdiak baino gehiago saldu dira dagoeneko.

Gogoan izan, berriz, domekan honetan egitekoak ziren musika emanaldiak martxoaren 21era atzeratu dituztela. Hori horrela, martxoaren 21ean, emanaldi bikoitza izango da. Lehen emanaldian musika klasikoa eskainiko dute eta bigarrenean folka. Klasikoko emanaldia Bidane Txopitea soprano durangarrak eta Iker Ruiz de Alegria pianistak eskainiko dute, pieza solte ezagunak interpretatuz: Serenata (Shubert), A Chloris (Hahn), Ipuina (RM Sarasua)…; baita opera zatiak ere: La Traviata (Verdi), “La Wally” (Catalani).

Folk-pop emanaldian, berriz, Aramu taldeak folk eta pop estiloak uztartzen dituzten kantak eskainiko ditu, gehienak taldeak berak sortutakoak. Durangaldeko talde sortu berriak Soraluzekoa izango du jendaurrean eskainiko duten lehen emanaldia. Taldekideak ondorengoak dira: Onintza Azkarate (biola, gitarra, ahotsa), Amaia Jaio (txeloa, pianoa, ahotsa) eta Joannah Keen (ahotsa, perkusioa).

Gazteendakoak


Egitaraua borobiltzeko, martxoaren 25ean, gazteei zuzendutako ekitaldiak izango dira antzokian. 09: 30ean: "Ama-Alu-Lur. Intujai Teatro konpainiaren "sorgin baten ametsak" lana ikusiko dute eta 11: 30ean: hitzaldia Bea Severrekin: "AMA-ALU-LUR”. Azkenik, 12: 30ean: tailer didaktiko-praktikoa Jesus Tapiarekin: "Gure gorputza historiaurrean”.