Irureko malda egonkortzeko lanak gaur amaituko dituzte

Egoitz Unamuno-Ubane Madera 2021ko mar. 5a, 09:05

Ezponda egonkortzen, Unamuno lantegiaren atzeko aldean.

Joan zen astean hasi zituzten Irure auzoko malda egonkortzeko lanak eta gaur, barikua, amaituko dituzte. Luis Plata Iraola Etxeberriko bizilagunak salatu du Aldundiak auzitegiak agindutako “proiektuaren erdia bakarrik” garatuko duela. Aldunditik, berriz, esan dute sententziak dioena bete dutela.

Hamar urte dira Irureko Iraola Etxeberri baserriaren jabetzako maldan lurjauzi handia gertatu zela eta epaitegietan ibilbide luzea egin ostean (ikus, 2020an Luis Platari egindako elkarrizketa HEMEN klikatuta), joan zen urteko otsailean kaleratu zuen Auzitegi Gorenak behin betiko sententzia, Gipuzkoako Aldundia eremua egonkortzeko lanak egitera behartzen zuena.  Plaentxia.eus-en

Zubieder eraikuntza etxeak joan zen astean hasi zituen errepidearen gaineko ezponda eta azpikoa egonkortzeko lanak, bulonatuz eta gainaldeko partean sarea ere ezarriz. Lanak gaur, barikua, amaituko dituzte eta, ondorioz, gaurtik aurrera, Irurerako errepidea zabalik izango da berriz.

“Sententziak agindutakoaren erdia da”

Iraola Etxeberriko bizilagun Luis Plata gustura dago “behingoz” lanak hasi dituztelako, baina salatu du “lan horiek sententziak agindutako proiektuaren erdia” besterik ez direla, “sententziak euste horma ere egiteko agintzen diolako Aldundiari”. Plataren ustez, egoera “erridikulua” da, “egin dena epailearengana iristen denean, epaileak euste-horma egiteko aginduko diolako Aldundiari, horrek guztiak kutxa publikoarentzat dakarren kostu gehigarriarekin”.    

Aldundiak agindutakoa betetzen dihardutela

Gaiari buruz Gipuzkoako Foru Aldundian galdetuta, Errepide Sailetik adierazi dute sententzian agindutakoa bete dutela eta taluda egonkortzeko lanen kostua 47.000 eurokoa izan dela.

Udala uren drenajea bideratu nahian

Soraluzeko Udalean galdetuta, berriz, Iker Aldazabal alkateak adierazi du orain egiten ari diren obra dela Luis Plataren eta Errepide Sailaren auziaren ondorioa, beraz, Udalak hor ez duela zeresanik. Baina gaineratu du hango uren drenajeari begira (euri asko egiten duenean gainezka egiten dute urek) Udala egoera onbideratzeko elkarlanean ari dela Diputazioko Errepide Sailarekin.

Oposizioaren izenean, berriz, Unai Larreategi bozeramaleak esplikatu du EH Bilduk Hirigintza sailean galdetu duela ea Udalak baduen ziurtasunik Diputazioa egiten ari den obra dela Auzitegiak emandako sententziaren arabera egindakoa, oposizioaren ustez, “hori baita bide bakarra arazoaren zati bat konpontzeko. Jasotako erantzuna izan da sententziak esaten duena beteko dela. Horrela bada, ez dugu bestelako zeresanik, oraingoz”.