Usoak erretiratzeko uxaldiak

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 4a, 11:00

Usoak harrapatzen, gaur goizean.

Gaur, eguena, usoak erretiratzeko bigarren uxaldia egin dute Debabarreneko Mankomunitateko langileek. Gaur, Plaza Berrian eta Atxurin egin dituzte uxaldiak. Lehenago Santa Ana inguruan ere egin zuten. Oraingoz, 34 uso erretiratu dituzte. Arratoiak akabatzen dituzten moduan, usoen kontrola ere egiten da, asko ugarituz gero, arazo handiak eragiten baitituzte.

Usoen zirina korrosiboa da; eraikinak, kaleko altzariak, kalea bera, eskailerak… kaltetzen eta zikintzen ditu, baita hoditeriak trabatu ere. Horrez gainera, usoek teilatuetako teilak mugitu egiten dituzte eta teilatuetara belar haziak eraman ere bai. Horren ondorioz belarra egoten da sarri teilatuetan.

Kalteok gutxitzeko, arratoien kontrola egiten duen moduan, urtean behin, Udalak uxaldiak egiten ditu herrian, Mankomunitateak animaliak jasotzeko duen zerbitzua baliatuta.

Udaberrian ugaritu

Gaur, Plaza Berrian eta Atxurin egin dituzte uxaldiak. Lehenago, Santa Ana kalean ere bai. 34 uso erretiratu dituzte oraingoz. Uxaldiak urte hasieran egitearen arrazoia da udaberrian usoek kumeak izaten dituztela eta orduan gehiago ugaritzen direla. Larregiko ugaritze hori saihestea da helburua.