Zaintza lanak zerbitzu publiko izan daitezen

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 4a, 20:26
Soraluzetik ere joan dira Donostiako protestara.

Kalitatezko lan baldintzak eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko bermea aldarrikatu dituzte mobilizazio bitartez greba alorreko langileek. Oro har, uste dute zaintza zerbitzuak izaera publikoa berreskuratu beharra duela. Gaur, eguena, greba eguna dute, UGT izan ezik, gainerako sindikatu guztiek deituta. 

Gaur, eguena, zaintza alorrean diharduten hainbat langilek mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiru hiriburutan, alorreko sindikatu guztiek -UGTk izan ezik- deituta. 

Honakoak dira egin dituzten aldarrikapenetako batzuk: 

  •  Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak, tutoretzapeko etxebizitzak, aterpetxeak, eta esku-hartze sozialeko beste zerbitzu batzuk).

  • Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne.

  • 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100raino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada).

  • Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.

  • Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.

  • Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez.

  • Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean bederen pandemiaren kalte larriak arintzeko.