Hiru soraluzetarrek pieza bana interpretatu zuten, bakarlari modura, B mailan. Aurten, normalean baino dezente ikusle gutxiagoren aurrean. Tartean ziren euren senideak eta baita musika eskolako irakasleak ere.
Partaideak ere nabarmen gutxitu ziren, pandemiak eraginda. Normalean, 800 bat musikarik parte hartzen du eta aurten 266 izan dira. Baina, guztiaren gainetik, jaialdia egin izana baloratu zuten antolatzaileek eta partaideek.
"Ausartak"
Halaxe kontatu du Anabel Henaok, Soraluzeko Musika Eskolako piano irakasleak: “Azken astera arte ez genekien aurrera egingo zuen ala ez. Azkenean egin da eta oso ondo. Gutxienez, ikusi dugu egitea posible dela. Jaialdiari dagokionez, musikariendako jendaurrean jotzeko esperientzia moduan oso ondo dago. Ez da erraza. Ausartak izan behar dira. Aurten, urduritasun handiagoa izan dute, hori bai. Gela erabili beharra, maskara, bestelakoak… baina joan gara, ilusioarekin joan ere, eskarmentua lortu dugu eta motibazioa ekarri dugu gehiago ikasteko. Era berean, inportantea da beste piano-jole batzuk entzutea”.