Brontzezko umea Estazioan

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 3a, 14:33

Ipini dute '200 kiloko umea' Estazioan. Brontzezko eskultura bat da, zaku lasterketan dabilen ume bat irudikatzen duena. Egilea, berriz, Lourdes Umerez Arregi artista da. Alfa Taldeak egindako dohaintza da, lehenagoko Alfa Arte elkartean landutako estatua. 

Goizean ipini dute herriko eskultura berria. 24 orduz, sikatzen lagako dute, lurrera ondo itsatsita gera dadin. Beraz, bihar arte hesiz babestuta segituko du brontzezko umeak.

Iker Aldazabal alkateak, Soraluzeko Udalaren izenean "eskerrak" eman ditu dohaintza horrengatik. "Dagoeneko ipinita dago, herri guztiak disfrutatu ahal izateko".

Izan ere, opari modura eskuratu du eskultura Soraluzeko Udalak.

Eibarkoen antzerakoa

Lourdes Umerez artistak egindakoa da -antzerako eskulturak egiten ibilbide luzea duen artista-, orain dela urte batzuk Eibarko Alfa Arte elkartea osatzen zuten artistetako bat. Horregatik brontzezko Soraluzeko umeak dauka Eibarren dauden hainbat eskulturekiko antzekotasuna, adibidez, San Andres elizaren kanpoko aldean Sanblasak daramatzaten umeen eskulturen estilo bera dauka.

Alfa Arte elkartea 2013an desegin zen. Gaur egun, baina, izen bera marka modura erabiltzen dute hainbat artistak, izen komertzial modura; hori bai, gaur gaurkoz ez dute loturatik Alfa Taldearekin.