Bisitak jasotzeko eta paseo gehiago egiteko aukera, egoitzan

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 3a, 12:47

Aste honetatik, Mesedeetako egoitzako bizilagunek astean bi bisita izan ditzakete, pertsona desberdinekin. Halaber, astean lau paseo eman ahal izango dituzte, horiek ere pertsona desberdinekin. Orain arte, paseoak zein bisitak murriztuta izan dituzte. 

Orain arte, Mesedeetako egoiliarrek astero bi bisita jaso ahal zituzten, baina pertsona bakarrekoak. Aurrerantzean, berriz, astean bi bisita jaso ahal izango dituzte baina bi pertsonatakoak eta gainera ez dute zertan pertsona berak izan. Hori bai, orain arteko distantziak eta protokoloak errespetatzen segitu beharko dute. 

Bestalde, egoitzatik irteteko aukera ere izango dute. Aurrerantzean, lau bider, paseo terapeutiko modura eta bi pertsonarekin irten ahal izango dira. Kalera jaitsi ahal dira, baina gomendioa da inguruko “esparru seguruan” egitea paseoak.

Mesedeetako egoitza libre dago SARS CoV-2 koronabirusaz eta gainera, bertako egoiliar guztiek hartu dituzte Pfizer txertoaren bi dosiak. Baldintza horiek aintzat hartuta arindu ditu orain arteko segurtasun neurriak Gipuzkoako Foru Aldundiak.