Gotzon Odriozola: "Batzuentzat zorrotzak gara salaketa jartzeko orduan, beste batzuentzat, berriz, oso permisiboak"

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 3a, 09:21
Gotzon Odriozola udaltzainburua bulegoan.

Abenduaz geroztik, Udaltzaingoa Zubi Nagusiko aparkalekuen gaineko zainketa berezia egiten ari da, Zubi Nagusiko aparkalekuak duten funtzioa betetzeko erabil daitezen, zamalanetarako.

Zergatik zubiko zainketa berezia?
Zamalanetarako gunea ibilgailu partikularren aparkaleku bihurtu zela eta kamioiek eta banatzaileek zubian zirkulazioko erraian aparkatu behar izaten zutela ikusita -horrek trafikoari eragiten zion arazoarekin-, partikularrei jakinarazi zitzaien ezin zela bertan aparkatu, arau-hauste horiek salatzera zihoazelako. Astebeteko ohartarazpena egin zen.

Emaitza onak lortu dituzuela dirudi.
Oraingoz, ingurua nahiko ondo errespetatzen ari da. Batzuek ibilgailua behar dute joan-etorriak egiteko, horregatik sortu zen TAO gunea, kudeaketa, erosketa edo horrelakoren bat egitera datozen partikularrei mugikortasuna eskaintzeko. Bestalde, Plaza Zaharrean, mandatu, kudeaketa edo erosketa azkarren bat egiteko aparkatzen uzten da; hori bai, beti dago lagatzen den denbora horretaz abusatzen duen norbait; hori denen kalterako da.

Ohitura batzuk oso errotuta daude, domeketako auto-festa, adibidez…
Udaltzaingoaren zerbitzurik ez dagoenean, Ertzaintza arduratzen da zaintzaz, behar izanez gero. Hala ere, egia da batzuek enpatia gutxi dutela edonon aparkatuz, oinezkoei eta gainerako erabiltzaileei traba eginez edo bidea eragotziz. Antza, poltsikoa ukitu arte ez dute erreakzionatzen.

Inguruko herrietan berdina gertatzen da? 
Inguruko herrietan ere gertatzen da. Heziketa eta errespetu falta handia da. Errazena gainerakoei errua botatzea da. Ibilgailu hori gaizki aparkatuta egotearen erantzule bakarra bertan uzten duena da, bertatik pasatzeko espazio hori behar duten pertsonak egon daitezkeela jakin arren, batere axolarik ez zaion hori.

Beste nonbait ere ari zarete lanketa bera egiten? 
Oro har, arau-hauste larriagoak salatzen dira, pertsonak edota ibilgailuak igarotzea oztopatzen dutenak, hala nola espaloiak, oinezkoentzako pasabideak, garaje-irteerak eta pasabideak.

Hainbatek aurpegiratzen dute isunak jartzerakoan ez zaretela beti gogorrak izaten. 
Batzuentzat zorrotzak gara salaketa jartzeko orduan; beste batzuentzat, berriz, oso permisiboak gara; zein da egia? Salatua zaren edo ikusle zaren; hori da kontua.

Zenbat aparkaleku dago herrian? Zenbat ibilgailu? Eta zenbat garaje?
Kalean, 1.229 aparkaleku daude. Garajeetan 811 leku daude eta herrian 2.152 ibilgailu daude; batzuk kendu egin beharko lirateke: erabiltzen ez direnak, baja eman gabe daudenak…