Ustezko iruzur baten berri eman dute Ertzaintzak eta Udalak

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 2a, 17:12

Ertzaintzak ohartarazi du 80-90 urte bitarteko hainbat adinekok ustezko iruzur deiak jaso dituztela, COVIDaren kontrako txertoa jarriko dietela esanez. Dei horiek ustezko biktimen datu pertsonalak eta helbidea lortzeko eta haiekin hitzordua jartzeko aitzakia direla susmatzen dute. Udaleko Osasun sailetik jakinarazi dute ez Osakidetzak eta ezta Udalak ere ez dituztela halako deirik egin.

Udaletik helarazitako informazioaren arabera, dei horietan adinekoei esan diete haiek bizi diren bizilekuan COVIDaren kontrako txertaketa abiarazi dutela eta haien datuak behar dituztela hitzordua egin eta etxera joateko. 

Poliziari jakinarazi

Ertzaintzak emandako xehetasunen arabera, berriz, orain arteko kasu guztietan 84 urtetik gorako adinekoek jaso dituzte halako deiak, Irunen eta Bilbon. 

Patricia Borinagak, Udaleko Osasun saileko zinegotziak esan du halako deiren bat jaso ezkero, ez emateko datu pertsonalik eta Udaltzaingoari (943 75 30 24) edo Ertzaintzari (900 103 584) abisatzeko.