Grebara deitu dituzte zaintzako langileak, zerbitzuaren publikotasuna aldarrikatzeko

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 2a, 10:03

Zaintza-lanak aldarrikatzeko auto-karabana zubitik pasatzen, auto.

Zaintza lanak aitortu orain. Zaintza zaindu leloarekin greba deitu dute eguenerako Hego Euskal Herrian, LAB, ELA, ESK eta CCOO sindikatuek. Testuinguru horretan, LAB sindikatuak antolatutako auto-karabana Soraluzetik ere pasatu zen, atzo goizean. 

Egunak daramatzate zaintza lanak aitortzeko eta lan horietan baldintza egokiak aldarrikatzeko protesta ekimenak egiten sektoreko hainbat langile. Urtarrilean ere izan ziren protestan. Besteak beste, greba egin zuten.

Pribatizazioaren ondorio kaltegarriak

Orain, bigarren greba eguna egingo dute, eguenean. Salatu nahi dute etorkizunean guk guztiok beharko dugula zaintza eta horren gaineko erantzukizuna publikoa izan arren, “zerbitzu gehienak pribatizatuta edo azpikontratatuta” daudela eta halakoetan, “enpresen onura ekonomikoa onura asistentzialei gailentzen” zaizkiela, “kasu askotan zerbitzu eskasak eskainiz, zaintza duina ezin bermatuz eta are gutxiago egoerei egokitutako zerbitzu bat”. 

Salaketa horri gehitu diote halako zerbitzuetako lan-baldintzen gaineko salaketa: “Txanda amaigabeak, soldata lotsagarriak, langileen osasuna larriki kaltetzen duen lan erritmoa, lan-karga eta zerbitzuaren kalitate eskasa langile faltagatik. Besteak beste, kezkagarriak dira, erabiltzaileak duintasunez artatu ezin direlako”.

Oro har, zera eskatuko dute: zuzeneko kudeaketarako sistema publiko unibertsal, doako eta komunitarioa.