Domekan, Bidane Txopitea soprano durangarrak eta Aramu musika taldeak musika emanaldi bana eskaini behar zuten antzokian, baina Udaleko Berdintasun Sailak jakinarazi duenez, kontzertu hori bi aste beranduago, martxoaren 21ean (arratsaldeko 19:00etan), eskainiko dute. Itxura denez, taldeko kide batek positibo eman du Covid19-an eta konfinatuta dago; horixe izan da emanaldia atzeratzeko arrazoia.
Klasikoa eta folka
21ekoa emanaldi bikoitza izango da. Lehen emanaldian musika klasikoa eskainiko dute eta bigarrenean folka. Klasikoko emanaldia Bidane Txopitea soprano durangarrak eta Iker Ruiz de Alegria pianistak eskainiko dute, pieza solte ezagunak interpretatuz: Serenata (Shubert), A Chloris (Hahn), Ipuina (RM Sarasua)…; baita opera zatiak ere: La Traviata (Verdi), “La Wally” (Catalani).
Folk-pop emanaldian, berriz, Aramu taldeak folk eta pop estiloak uztartzen dituzten kantak eskainiko ditu, gehienak taldeak berak sortutakoak. Durangaldeko talde sortu berriak Soraluzekoa izango du jendaurrean eskainiko duten lehen emanaldia. Taldekideak ondorengoak dira: Onintza Azkarate (biola, gitarra, ahotsa), Amaia Jaio (txeloa, pianoa, ahotsa) eta Joannah Keen (ahotsa, perkusioa).