Iraunkortasun faktoreak pobreen pentsio sistema dakarrela salatu dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko mar. 1a, 17:15

Pentsioen aldeko gaurko agerraldian 50 bat herritar elkartu dira.

Gaur, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean, iraunkortasun faktorea izan dute hizpide. Besteak beste, salatu dute faktore horrek pentsioen sistema publikoa defendatu beharrean, “pentsio pobreen sistema publiko” bilakatzen duela. 

Gaurko elkarretaratzean salatu dute iraunkortasun faktoreak “hasierako pentsioa” murriztu egiten duela “bizi-itxaropenak gora egiten badu (…) “Bizi-itxaropenari buruz egindako aurreikuspenak mantenduko balira, jasangarritasun-faktorea aplikatzeak pentsioetan 2049an %9 eta %18 arteko murrizketa ekarriko luke”. 

"Pobrezia eta desberdintasuna areagotu"

Diotenez, bi arrazoi daude murrizketetarako: bata pentsioak jaistea eta bestea pentsio-funts pribatuetara jotzeko pizgarriak ematea. “Erreforma horrekin biztanleriaren gehiengoak galtzen dugu, erretirora iristean pentsio publikoarekin nahikoa euskarri ekonomikoa izatea baita kontua. Pentsioa iraunkortasun faktorearekin zeharo mugatzeak pobrezia eta desberdintasuna areagotuko ditu”.

Gaurko elkarretaratzean, 50 bat herritar izan dira plazan.