Izen berria eta zuzendaritzako kide berriak

Ubane Madera Zangitu 2021ko ots. 26a, 10:10

Herriko erretiratu elkartearen izen berria izango da Itxaropena Nagusien Elkartea. Hala erabaki zuten atzoko batzarrean. Bestalde, elkarteko zuzendaritzako bost kide ordezkatzeko lagun berriak ere hautatu zituzten. 

Atzo, eguena, beste urte batzuetako batzar nagusietara bertaratutakoak baino bazkide dezente gutxiagorekin egin zuten erretiratuen elkarteko ohiko batzarra.

Landu zituzten zortzi puntuetatik bi bozketa bidez erabaki zituzten Itxaropenako bazkideek: elkarteari izena aldatzea eta elkarteko zuzendaritza batzordea berritzea.

Izenari dagokionez, Itxaropena Zaharren Biltokia izena aldatzea onartu zuten, hainbaten ustez, izen horrek dituen konnotazio negatiboengatik. “Itxaropena izaten segituko du. Aldatu nahi duguna da Zaharren Biltokia”, esplikatu zuen Angel Catalan zuzendaritzako kideak.

Nagusien Elkartea

Lau izen proposamen zeuden mahai gainean: Soragure, Soragure Elkartea, Asociacion Itxaropena Elkartea eta Nagusien Elkartea. Azken horrek eskuratu zituen boto gehien. Horrela bada, aurrerantzean herriko erretiratu elkartearen izena izango da Itxaropena Nagusien Elkartea.

Kide berriak

Zuzendaritza batzordeari dagokionez, berriz, bost kargu berritu behar ziren eta honako bazkideek eskuratu zituzten boto gehien:

  • Mertxe Galarraga: 45 boto.
  • Gonzalo Portu: 45 boto.
  • Begoña Etxaniz: 41 boto.
  • Lina Olaizola: 39 boto. 
  • Koldo Ugarte: 30 boto.
  • Ordezkatuko dituzte beste honako bost lagun hauek: Pili Maiztegi, Jose Andres Txintxurreta, Marines Tornos, Elena Garaikoetxea eta Angel Catalan.